ERREAKZIO GEHIAGO

Europako Aliantza Librea: "Espainiak euskal presoekin duen jarrerak ez du bakea eraikitzen laguntzen"

Joseba Azkarragaren ustez, Otegi libre geratzea "urrats garrantzitsua" da gainerako presoak askatze aldera "aurrerapausoak" emateko.

edurne begiristain
2016ko martxoaren 1a
08:01
Entzun

 

Tatjana Zdanoka (Europako Aliantza Librea): "Espainiak euskal presoekin duen jarrerak ez du bakea eraikitzen laguntzen"

Espainiako gobernuaren politikak salatu ditu Europako Aliantza Librea koalizioko kide Tatjana Zdanokak, eta ohartarazi du euskal presoekiko jarrera aldatu ezean, "ezinezko" izango dela "bake iraunkorra" eraikitzea. Hain zuzen ere, Zdanoka Euskal Herrian izan da duela gutxi presoen egoera gertutik ezagutzeko, eta bidaia baliatu du haien senide eta lagunekin biltzeko. Bide batez, eta Otegiren irteeraz koalizioko kideak oharatrazi du Espainiak "hausnartu" egin beharko lukeela "gorrotoan oinarritutako bere politikaz", eta eskatu dio Europako Batasunari "jarrera aktiboagoa" har dezala Euskal Herriko bake prozesuan.

Joseba Azkarraga (Sare): "Otegi askatzeak agerian uzten du gatazka politiko bat badagoela"

Sare plataformako eledunak adierazi du Arnaldo Otegiren askatasunak eta, ondorioz, bere garaian espetxeratu izanak, agerian uzten duela Euskal Herrian "konpondu gabeko gatazka politiko bat" dagoela. Halaber, nabarmendu du Otegi libre geratzea "urrats garrantzitsua" dela Espainiako eta Frantziako espetxeetan dauden gainerako presoen askatasunean "aurrerapausoak" ematen joateko. "Konpondu beharreko arazo baten aurrean gaude", esan du Azkarragak. Hala, dei egin dio Espainian osatuko den gobernu berriari kontuan har dezala "konpondu gabeko arazo politiko bat" dagoela Euskal Herrian eta ezin duela "usteltzen" utzi. Espainiako Gobernuari ez ezik, euskal gizarteari ere galdegin dio giza eskubideen urraketen aurka "elkarlanean" lan egin dezan.

Josu Erkoreka: "Esan beharreko guztia esan dugu"

Otegiren askatasunari buruzko galdera sortari hitz gutxirekin erantzun dio gaur eguerdian Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. "Esan beharreko guztia esan dugu", esan du behin eta berriz, kazetarien galderei erantzunez. "Normaltasunaren" barruan kokatu du Otegi politikara bueltatzea eta horrek Jaurlaritza ez duela "kezkatzen" gaineratu du.

Ezker Anitza: "Ezin da Otegi bake gizon moduan aurkeztu"

Otegi libre geratzea txalotu du Ezker Anitza alderdiak, uste duelako haren aurkako zigorra "neurrigabea" izan zela eta ez zela "sekula" gertatu behar.  Otegiren kaleratzearekin "aro beltz" bati amaiera ematen zaiola gaineratu du. Ordea, Otegi "bake gizon moduan" aurkeztea arbuiatu du ezkerreko alderdiak. "Askotan gatazka biolentoen arduradunak bakezale gisa aurkeztu nahi dira historian, eta Euskadi ez da salbuespen bat", esan du. Ezker Anitzak oharrean dioenez,  Otegi buru izan zen euskal gizartearen "gutxiengo" batek indarkeria babestu zuen eta horregatik ohartarazi du ez dela galdu behar "herri honetan urtetan gertatutakoaren perspektiba".

Pablo Iglesias: "Inor ez luke espetxean egon behar bere ideiengatik"

Pablo Iglesias Podemoseko Espainiako buruak Twitter kontuan idatzi du txio bat Otegiren askatasunari buruz. Iglesiasek adierazi du "albiste ona" dela espetxetik ateratzea, eta inork ez lukeela kartzelan egon behar bere "ideiengatik". Iglesiasen txioari erantzun dio Albert Rivera Ciudadanosen buruzagiak segituan: "Otegi talde armatu baten kide izateagatik zigortu zuten. Bere ideiengatik espetxean dagoena Leopoldo Lopez da".  Riverari erantzunez idatzi du beste txio bat Iglesiasek gero, gogoratuta Kataluniako Parlamentutik atera zirela Ciudadanoseko kideak frankismoa ez gaitzesteko. "Gu printzipioak, zuek marketina", esan dio. Ika-mika horren erdian sartu dira gero PPko Rafael Hernando eta Soraya Sanez de Santamaria Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea Iglesiasi kritikak egiteko.

Juan Mari Aburto: "Elkarbizitzan sakontzeko balio behar du"

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi du espero duela Otegiren kaleratzeak balio izatea "elkarbizitzan sakontzeko".  Azpimarratu duenez, Otegi "egoera bidegabe" batetik ateratzea albiste ona da, baina nahiago izango zuela Otegik lehenago gaitzetsi izan balu "terrorismoa". Aburtok gaineratu du ez duela argi Otegik lehendakari izateko aukera izango duen, baina hala izanda ere, berak Urkullu lehendakariaren "lidergoan" sinesten jarraitzen duela.

Soraya Saenz de Santamaria: "Gertutik zainduko dugu Otegiren jarduna"

Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak bermatu du Otegiren jarduna "gertutik zaindu" egingo duela bere irteera ez dadin bihurtu "terrorismoaren gorazarrean".

Joseba Egibar: "Injustizia baten amaiera da"

Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako buruaren ustetan, "baikorra" da Otegi kartzelatik atera izana. "Injustizia baten amaiera da", esan du. Eta gogoan izan du oraindik kartzelan dagoen Rafa Diezentzat eta auzi beragatik kalean diren gainerakoentzat ere "injustizia" bat izan dela espetxeratzea. Otegiren inhabilitazioari dagokionez, Egibarrek esan du ez duela "tarterik" baina ikusteko dagoela Otegik politikari zein ekarpen egi diezaiokeen. Hala ere, kartzelarik irten berritan esandako lehen hitzei "iraganeko kutsua" atzeman dizkie Egibarrek.

LAB: "Sei urte luzez eskubideak urratu zaizkio Otegiri"

LABek ongi etorria eta "besarkadarik beroena" helarazi dizkio Otegiri, ohar batean. "Sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkio Otegiri, beste auzipetuekin batera, zer eta haien delitu bakarra izan denean Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea". LABek ez du ahaztu izan nahi Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak kartzelan jarraitzen duela oraindik. Hori hala, sindikatuak esan du bake eta gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko "askatu beharreko korapilo ugari" geratzen direla oraindik: "Bateragune auziarekin amaitzea, martxan diren auzi politiko guztiak bertan behera geratzea eta presoen afera konpontzeko guztiak etxeratzea. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko".

Nafarroako Gobernua: "Normaltasun demokratikoaren barruan dago Otegi aske geratzea"

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok txalotu egin du Arnaldo Otegi aske geratzea eta gogoratu du ezker abertzaleko buruzagiak azken urteotan "bakea eta elkarbizitza berreskuratzeko apustu politikoa" egin duela. Otegiren askatasunaren aurka daudenei ere mezua bidali die Ollok esanez "legearen aurka" doazela, aske uztea "normaltasun demokratikoaren barruan" dagoelako.

Ane Beitia (Elgoibarko alkatea): "Otegik eskubide zibil eta politiko guztiak berreskuratu behar ditu"

Elgoibarko alkate Ane Beitiak aduerazi du "begi onez" ikusten duela udalerriko bizilaguna den Arnaldo Otegi askatzea, eta kexu agertu da "sei urte eta lau hilabetez askatasuna kendu diotelako jarduera politikoa egiteagatik". Halaber, askatasunaz gain, Otegik "eskubide zibil eta politiko guztiak berreskuratu" behar dituela erantsi du. Beitiak espero du "salbuespen egoerak iraganaren parte izatea behin betiko".

Alberto Garzon (IU): "Albiste ona da erabateko bakegintzan aurrera egiteko"

Izquierda Unida alderdiko bozeramaile Alberto Garzonen ustez, Otegi espetxetik ateratzea "albiste ona da erabateko bakegintzan aurrera egiteko aukera" delako eta "politika bide demokratiko soiletatik egiten dela bermatzeko".  Otegik norabide horretan "zeregin" bat izan dezakeela erantsi du Garzonek.

Egiguren: "Ezker abertzalea zama handiegia jartzen ari zaio Otegiri"

Otegiren askatasunaz mintzatu da PSEko presidente ohia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Pozen jaso du Otegiren askatasuna, espetxean egotea "injustizia handi" bat izan delako, haren iritzian. Hala ere, uste du ezker abertzalea "zama" handiegia jartzen ari zaiola Otegiri.  "Kartzelan zazpi urte izan arren, Otegi bikain informatua egon da politikaz. Ezker abertzalearentzat estrategiarik onena zein den gogoeta egiteko denbora izan du. Hala ere, Euskadiko egoera kartzelan sartu aurretik eta orain oso ezberdinak dira. Podemos alderdiak konpetentzia egiten die, nahasmendua dago Bilduren nortasunaz... hori definitu beharko dute eta agian gehiegi espero dugu pertsona bakarraz. Hain arazo handiekin, lider politiko batek ezin du dena egun batetik bestera konpondu. Denbora beharko du ideiak dosifikatzen joateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.