ALE Europako Aliantza Libreko ordezkaritza bat Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia bisitatzera joan da gaur eguerdian Logroñoko presondegira (Espainia), baina ez diete espetxera sartzen utzi. Hala jakinarazi du Maite Ubiria Sortuko kideak.
12:30ean zuten hitzordua, eta sartzeko zain izan dira denbora luzez. Azkenean, ez diete Otegirekin izateko baimenik eman.
Mark Demesmaeker eta François Alfonsi Flandriako eta Korsikako eurodiputatuak joan zaizkio bisitan, EAko Kanpo Politikarako idazkari Lorena Lopez de Lacallek eta Aralarreko eurodiputatu Inaki Irazabalbeitiak lagunduta.
Demesmaekerrek eta Alfonsik babesa adierazi nahi zioten horrela Otegiri. Haien ustez, "Europako Batasunean zentzugabekeria da euskal gatazka bide politikoen eta baketsuen bidez konponbidean jartzeko apustu egin duten buruzagi politikoak espetxeratzea".