Europako Banku Zentraleko gobernu kontseilua bihar bilduko da Greziaren egoera aztertzeko. Izan ere, Bruselak erreskatea luzatzeari uko egin izanak kolokan jarri du haren ekonomia, Atenasi asteartean amaituko baitzaio Nazioarteko Diru Funtsak emandako 1.600 milioi euroak itzultzeko epea.
Orain arte Europako Banku Zentralak emandako diruari esker eutsi diote egoerari Greziako banku nagusiek. Uneotan, Greziako bankuek eska dezaketen gehienezko kopurua 90.000 milioi eurokoa da, betiere EBZren onespenarekin.
Greziak Bruselaren eskaerak atzera bota eta hark jarritako baldintzei buruzko erreferendumera deitu izanak, ordea, EBZren jarrera alda lezake Europako Batasunarekin gertatu den bezala.
Europako Banku Zentralaren laguntzarik gabe Greziako bankuek porrot egingo lukete, eta, ondorioz, herrialdeak eurogunetik atera beharko luke.