Beste mugarri bat jarri da COVID-19aren aurkako txertaketa prozesuan. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek jakinarazi du Europako Batasuneko herritarren %70ek gutxienez txertoaren dosi bat jarria dutela jada, eta helduen %57k txertaketa prozesua osatu dutela. Poza azaldu du datu horren harira: «Europako Batasunak hitza bete du».
Datuokin, Europako Batasuna txertaketa prozesuan «liderra» den arren, txertaketa planetan irmo jarraitu behar dela adierazi du. Birusaren Delta aldaera, bereziki, «oso arriskutsua» dela esan du, eta txertoaren aldeko mezuak helarazteak aparteko garrantzia duela oraindik: «Nork bere osasunaren alde egiteko, eta besteenarengatik ere ba». Ildo horretan, adierazi du Europako Batasunak aurrerantzean ere txertoak eskura jarriko dituela.
Europako Batasunean egiten dituzten kalkuluen arabera, uda bukaerarako lortuko da herritarren %70ek bi dosiak jarriak izatea.
Hegoaldean herritarren %66,3k txertoaren dosi bat hartua dute; %56k prozesua osatu dute.