Euskal Herriko arrantzaleek hiru urte egingo dituzte Bizkaiko Golkoan antxoarik harrapatu gabe-2007ko kanpaina esperimentala salbu-. Antxoa harrapatzeko debekua 2006an hasi zen eta Europako Batzordeak 2009ra arte luzatu zuen atzo. Europako Batzordeak aintzat hartu ditu zientzialarien bi txostenek egindako debeku eskariak. 2009. urteari dagokionez, Nathalie Charbonneau Europako Batzordeko Arrantza bozeramaileak atzo esan zuen erakundeak «ziurrenik» antxoaren debekua gutxienez uztailera arte luzatuko duela.
Antxoaren egoera larria da. Hori diote arrain horri buruz adituek egindako bi txostenek, bai Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluarenak (ICES/CIEM), bai Arrantzarako Komite Zientifikoarenak. Biek Europako Batzordeari eskatu diote 2009ko uztailera arte luza dezala antxoa harrapatzeko debekua.
CIEMek ekainaren 20an egin zion eskaera Europako Batzordeari. CIEMen esanetan, antxoaren egoera larria da Bizkaiko Golkoan eta harrapatzeko debekuari eutsi behar zaio «baliabidea hobetu arte».
CIEMen txosten zientifikoan parte hartu du AZTI-Tecnaliak. Maiatzaren 6a eta 26a bitartean antxoa birsortzaileen kopurua neurtu zuen, egunean sortutako arrautza kopuruaren bitartez. Azti-Tecnaliako zientzialariek ondorioztatu zuten Bizkaiko Golkoan antxoa kopuruak ez zuela «berreskuratze nabarmenik» izan eta kopurua iazkoaren antzekoa zela: 25.000 tona. Alegia, zuhurtziako biomasaren, 33.000 tonaren, azpitik. Zuhurtziako biomasaren azpitik espeziearen gainesplotazio arriskua dago.
Arrantzaleak baimen eske
Zientzialarien txostenek bertan behera utzi dituzte Kantauri itsasoko arrantzaleen usteak. Aurtengo martxoan jada 8.000 tonako kuota bat ezarri zuten Kantauri itsasoko arrantzaleek, Europako Batzordeak aurtengo uztailean antxoa harrapatzeko debekua bertan behera utziko zuela uste zutelako. 8.000 tona antxoa horiek honela banatuko zituzten: %90 Bizkai, Gipuzkoako, Galiziako eta Asturiasko arrantzaleentzat eta %10 Lapurdiko eta Frantziakoentzat. Iazko abenduan ere antzeko akordio bat sinatu zuten arrantzaleek, baina Europako Batzordeak ez zuen kendu antxoa arrantzatzeko debekua.
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek martxoan esan zuten antxoa bazegoela itsasoan. «Berdeletara atera diren ontziek antxoa badagoela ikusi dute», esan zuen Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradietako presidenteak. «Itsasoak erakusten duena baieztatu beharko lukete zientzialarien txostenek».
Maiatzaren bukaeran Kantauriko Arrantzaleen Federazioak gutxienez 7.000 tona harrapatzea baimentzeko eskatu zuten.
Europako Batzordeak 2009ra luzatu du antxoa harrapatzeko debekua
«Ziurrenik» debekua 2009ko uztailera arte luzatuko dutela esan du erakundeko Arrantza bozeramaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu