2009ko Europako hauteskundeetara aurkezteko erabilitako formula errepikatuko dute EAJk eta CiUk, akordiorako oinarria itxi ondoren. Radio Euskadik jakinarazi duenez, atzo Bartzelonan bildu ziren Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJko ordezkariak CDCko Francesc Homs eta UDCko Josep Maria Pelegrirekin.
Hedabide publikoaren arabera, hauteskunde programaren edukiez eta bozetara aurkezteko moduaz jardun zuten. Asmoa da, 2009an bezala, CDC aurkeztea zerrendaburu; bigarren hautagaia EAJkoa izatea, eta hirugarrena, berriz, UDCkoa.
Joan den astean, Ortuzarrek aitortu zuen "bidearen zatirik handiena" eginda zegoela EAJk CiUrekin akordioa lortzeko. Galiziako, Balearretako eta Valentziako beste alderdi batzuekin ere harremanetan daude, hautagaitza handitzeko asmoz. 2009ko Europako hauteskundeetan Europaren Alde koalizioan elkar hartuta aurkeztu ziren CiU, EAJ, Koalizio Kanariarra, Alderdi Andaluzista, Bloc Nacionalista Valencia, Unio Mallorquina eta Unio Menorquinak.
ERCk CiUrekin aliantza osatzea baztertu eta Kataluniako alderdi abertzaleek hauteskunde zerrenda bakarra aurkezteari uko egin ostean jarri dute mahai gainean EAJk eta CiUk elkar aurkezteko aukera. Bestalde, EH Bildu eta ERC negoziatzen izan ziren bozetara koalizioan aurkezteko, baina baztertu egin zuten aukera hori.