llegalizazioaren aurka Batasunak aurkeztutako eskaera partzialki onartu duela jakinarazi du gaur arratsaldean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Tramitera onartu du, beraz. 2004an sartu zuen eskaera Batasunak; besteak beste, adierazpen askatasuna (Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 10. artikulua) eta biltzeko eta elkartzeko eskubidea (11.a) urratuta daudelakoan. Auzitegiko zortzi epaileek aho batez hartu dute erabakia, eta Batasunak salatutako urraketa bi horiek aztertuko dituzte, hain justu. Baztertu egin dute beste eskaera aztertzea: helegite eraginkorrerako eskubidea (13. artikulua) urratu izana.
El Mundo Espainiako egunkariak astelehenean albiste horixe aurreratu zuen, baina Estrasburgoko auzitegiak orduan ukatu egin zuen erabakia hartua zuela Batasunaren legez kanporatzeari eta 2003an legez kanporatutako hauteskunde zerrendei buruzko eskaerez.
Gaur El Pais Espainiako kazetak argitaratu du Europako auzitegiak urtebete eta urte eta erdiren buruan jakinaraziko duela epaia.
Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Gobernuaren Justizia ministroak aste honetan esan du "espero" zutela gaurko erabakia. "Ez da ustekabea izango", zioen, eta hori "normaltasunaren barruan" sartu behar dela iritzi zion. Espainiako Gobernuak Batasunaren legez kanporatzearen prozedura defendituko duela berretsi zuen. "Espainiaren kalitate demokratikoa edozein eztabaidatatik kanpo dago".
Antonio Camacho Espainiako Estatuaren Segurtasun idazkariak zioen Batasunaren eskaera aztertzeak "interesa" duela, legez kanporatzearen erabakia "epaitegi guztiek berresteko. Hala egin zuten Espainiako auzitegi denek eta, dudarik gabe, hala egingo dute nazioartekoek ere".
Marije Fullaondo Batasunaren mahaikideak asteartean esan zuenez, "Europak zerbait egin beharko luke, eskubideen ukazioa dagoelako". Europako hainbat herrialde Espainia baino "demokratikoagoak" direla uste du Batasunak.
Eusko Jaurlaritzak, berriz, erabakia "oso esanguratsua" dela adierazi zuen. "Ideiak legez kanpo uztea ez da behin ere irtenbidea izan. Indarkeriaren aurka borrokatzen zara, terroristak epaitu eta zigortu egiten dira, baina ideia politikoak ez dira legez kanpo utzi behar".
Politika
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Batasunaren eskaera tramitera onartu du partzialki
Legez kanporatzeak direla-eta horren kontrako eskaera Estrasburgora eraman zuen Batasunak. Auzitegiko zortzi epaileek aho batez hartu dute erabakia. Urtebete eta urte eta erdiren buruan jakinaraz dezakete epaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu