EUSKAL PRESOAK

Europako hainbat eragilerekin bildu dira Herrira-ko ordezkariak

Herrira-k jakinarazi du egunotan Europako hainbat alderdi politikotako ordezkariekin bilkurak egiten dabiltzala. Besteak beste, Irlanda, Galizia, Letonia, Frantzia eta Kataluniako europarlamentariekin eta Jose Luis Linazasoro European Free Alianceko idazkari nagusiarekin bildu dira. Herrira-k "oso positibotzat" jo ditu izandako elkarrizketa horiek. 

2012ko irailaren 14a
17:21
Entzun

Euskal Herritik joandako 70 lagunek elkarretaratze bat egin dute gaur eguerdian Estrasburgon, Europako Parlamentuaren aurrean, Herrira mugimenduak jakinarazi duenez. Euskal presoen egoera azaldu, eta nazioarteko erakundeen inplikazioa eskatu dute.

Agerraldian, Herrira-k jakinarazi du egunotan Europako hainbat alderdi politikotako ordezkariekin bilkurak egiten dabiltzala. Asteazkenean, Martina Anderson Sinn Feineko europarlamentariarekin elkartu ziren. Anderson Ipar Irlandako preso ohia da, eta Ipar Irlandako Asanbladako kidea izana da. Atzo, Jose Luis Linazasoro European Free Aliance (EFA) taldeko idazkari nagusiarekin bilera egin zuten, baita Ana Miranda BNG Bloke Nazionalista Galiziarreko parlamentari eta EFAko kidearekin ere. Herrira-k azaldu duenez, EFAko kideek bizi guztiko zigorraren inguruko kezka agertu dute, galdera parlamentario bat egiteko aukera planteatuz.

Tatiana Zdanoka Letoniako europarlamentariarekin ere elkartu dira, Espainiako eta Frantziako espetxeetan izaten diren "muturreko" egoeren inguruan hitz egiteko. Bestalde, Catherine Greze Frantziako parlamentariarekin izandako bilkuran Ines del Rioren kasuaz solastatu direla adierazi du Herrira-k, baita sakabanaketaren inguruan Frantziak duen jarreraz ere. Azkenik, Jordi Bacardit ERC Esquerra Republicana de Catalunyako idazkariarekin elkartu dira.

Presoen aldeko plataformak "oso positibotzat" jo ditu izandako elkarrizketa horiek, "harreman horien bidez, dinamika berriak eta lan egiteko aukera ezberdinak planteatzen ari direlako Europa mailan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.