"Donostia hizkuntz aniztasunari buruzko gogoeten epizentroa izango da asteburu horretan". Pozarren aurkeztu du gaur goizean Donostia 2016ko kultur programako zuzendari Xabier Payak abendurako hizkuntza gutxituei buruz antolatzen ari diren foroa. Donostia 2016 egitasmoak hasieratik gai hori lehen lerroan jarri nahi izan zuela gogorarazi du, eta topaketa horrek horretarako bidea emango duela. "Eboluzioa" izan duen egitasmoa izan dela onartu du; hain zuzen ere, hasiera batean Kontseiluarekin hitzartu zuten "goi bilera" bat egiteko asmoa, baina desadostasunak izan dira bidean, eta itxuraldatutako proiektua aurkeztu dute gaur: gogoeta sustatzeko "foro" bat izango da. Unesco Etxeak antolatuko du, eta horren barruan Kontseiluak Europa osoko gizarte eragileekin batera ehuntzen ari den dokumentu bat aurkeztuko du: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.
Aldaketak Donostia 2016 Fundazioko kide guztien oniritzia duela azaldu du Payak, eta ondo bidean doala egitasmoa. Unesco Etxeko ordezkari Ane Ortegarekin eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera agertu da prentsaren aurrean, birmoldatutako egitasmoaren inguruko adostasunaren erakusgarri. Ortegak azaldu du foroa eratze aldera batzorde zientifiko bat eratu dutela, eta sei erakundetako ordezkariak daudela bertan: Euskaltzaindia, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Soziolinguistika Klusterra, Mundu Hizkuntza Ondarearen Unesco katedra, Kontseilua eta Network to Promote Language Diversity sarekoak, hain zuzen ere. Azaldu duenez, "foro" izena hautatu dute "goi bileraren" ordez Unescok emandako aholkuei atxikita.
Paul Bilbaok, berriz, azaldu du aurreratuta doala protokoloa idazteko prozesua. Tailer eta aurkezpenak egin dituzte Euskal Herri osoko gizarte eragileekin, ekarpenak jasotzeko, eta Europako hainbat ordezkarirekin ere harremanetan daude. "Oso harrera ona izaten ari da". Abenduaren 15 eta 16ko foroan protokoloaren berri eman, eta gero abenduaren 17an hura gizarte osoaren aurrean aurkezteko ekitaldi bat egiteko asmoa dute.