Hizkuntza eskubideak

Europako hizkuntza gutxituen bulegoko adituek Nafarroako Gobernuaren "jokaera baztertzailea" salatu dute

Europako hizkuntza gutxituen bulegoko adituek txostena egin dute hizkuntzen egoeraren gainean eta gaur Iruñean txosten hori eman diete Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko ordezkariei. Txosten horretan Nafarroako Gobernua salatu dute euskararekiko duen jarreragatik, izan ere, "Nafarroa da Europako eskualde guztien artean, hiztunen eskubideak murrizten dituen bakarra".

2004ko urtarrilaren 19a
14:53
Entzun
Iruñera etorri dira hizkuntza gutxituen Europako bulegoko ordezkariak, "Nafarroako Gobernuak euskal hiztunen aurka daraman politika baztertzailea" salatzera. Izan ere,Nafarroa da, hizkuntza eskubideen arloan, atzera egin duen lurralde bakarra. Europako ordezkarien arabera, "hizkuntza bat ikastera ezin daiteke inor behartu baina era berean, ikasi nahi dutenen eskubideak bermatu egin behar dira".

Mikel Etxeberria erakunde horretako euskal ordezkariaren esanetan, "hemen, beste inon ikusten ez dena ikusten da.Atzerapausoak egin dira hizkuntza politikan. Esate baterako, nahiz eta unibertsitateko estatutoetan euskara agertu behar dela esan, praktikan ez da agertzen. Edo sortzen ari diren ideia berri horiek: ezin dela diskriminazio positiborik egin euskararen alde, azken batean, euskara ez dakitenen kalterako delako. Hori ezin da onartu. Euskara eta ingelesa ezin dira berdinak izan Nafarroan. Euskara berezko hizkuntza da Nafarroan eta bertako kultur ondarea da".

Era berean, hizkuntza gutxituen bulegoko kideek bost gomendio egin dizkiote Nafarroako administrazioari, orain arte daraman "jokabidea zuzentze aldera":batetik, "euskararen erabilera politikoa bukatzea" eskatzen dute. Bestetik, euskal hiztunen eskubideak bermatuko lituzkeen "diskriminazio positiboa egitea" eta "Gobernuko sail guztien arteko erakundea sortzea" gomendatzen dute, euskararekin zerikusia duen guztia planifikatzeko.Laugarrenik, "euskararen alde lan egiten duten erakundeekin harremana berreskuratzeko gomendioa" egiten zaio Gobernuari. Azkenik, zonalde ez euskalduna deiturikoan, eskola publikoan euskarazko irakaskuntzaren eskaintza bermatzeko eskaera egiten zaie administrazioko ordezkariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.