Euroguneko ekonomiak emandako datu onek ere ezin izan zuten inbertsiogileen umorea aldatu. Eurostatek emandako datuen arabera, urtearteko inflazioa %1,8ra jaitsi da uztailean euroaren eremuan. Datu horrek merkatuak animatzeko balio beharko luke, berez, baina merkatuak ez zeuden batere baikor atzo. AEBetan bezperan gertatutakoak eragin handiagoa izan zuen. Dow Jones indizeak %1,29 galdu zuen, eta Nasdaqak %1,61. Eta atzoko saioan ez zuten askoz itxura hobea ageri: saioaren erdian %2,22 galtzen ari zen Dow Jones-a, eta %2,72 Nasdaq-a. Saioa hasi bezain pronto,17.000 milioi dolar merkaturatu zituen Erreserba Federalak, likidezia bermatze aldera, baina ez zuen inbertsiogileak gehiegi lasaitzerik lortu.
Kolperik latzena Londongo merkatuak hartu zuen atzoko saioan. %4,10 galdu zuen bertako FTSE-100 indizeak, 5.858,90ean geratuz. Bilboko merkatuak ere aspaldiko egunik beltzena izan zuen: %3,74 galdu zuen, 2.500eko mugaren azpitik geratuz. Ibex-35 indizeak, berriz, 2004ko martxoaz geroztik izandako galerarik handiena izan zuen, %3,72ko jaitsierarekin.
CAC-40ak %3,26 galdu zuen, eta Dax-ak %2,36.
EBZ Europako Banku Zentralak aste hasieran merkatuetara egindako 7.000 milioi euroko diru ekarpenak ez ditu lasaitu, beraz, Europako burtsak, eta egoera lasaitu zela esanez Jean-Claude Trichetek emandako mezuak bi egun besterik ez du iraun.
Asiako merkatuen bilakaera ez zen askoz hobea izan. AEBetako finantza erakundeek bertako burtsetan behera egiten zutela ikusi bezain pronto, bide bere jarraitu zuen Nikkei indizekoek, eta Japoniako indize nagusia behera bidean jarri zuten, zuzen-zuzenean. Japoniako Bankuak 400.000 milioi yen merkaturatu zituen likidezia bermatzeko asmoz, baina galerak ekiditerik ez zuen lortu. %2,2 galdu zuen Nikkei-k, iazko azaroaz geroztik izan duen mailarik baxuenean geldituz.
Urduri daude inbertsiogileak. Arriskudun finantza produktuetan gero eta konfiantza eskasagoa dute, eta, badaezpada, saltzeari ekin diote. Rams Home Loan Australiako bankuak 6.200 dolarretako zorrari aurre egiteko modurik ez duela esan du, gainera, erdi-erditik. Albiste askoz hobeak beharko dira konfiantza berreskuratzeko.
Bruselak arriskua neurtzeko agentziak ikertuko ditu
AEBetako hipoteken krisiak euroguneko ekonomian izan duen eragina dela-eta kezkatuta dago Europako Batasuna, eta erantzule bila hastea erabaki du. EBko arriskua neurtzeko agentziak ikertuko dituela jakinarazi du Europako Batzordeak, «AEBetan hipotekekin gertatzen ari zena jakina izan arren, erantzun makala eman dute».Brusela «harrituta» dago agentzia horiek arriskua lehenagotik jakinarazi ez dutelako, eta horregatik, euren fidagarritasuna aztertzeko nahiko arrazoi badagoela ondorioztatu du. Ikertu ostean, «behar izanez gero», agentzia horien funtzionamendua arautzen duen kodea berrikusiko duela era jakinarazi du.
Frantziako presidente Nicolas Sarcozy ere esku-hartze eske agertu da. G-7ko kideei gutun bana igorri die merkatuen gardentasuna eta finantza produktuen sendotasuna ikertzeko eskatuz. Sarkozyren ustez, AEBetako hipoteken krisiak «argi eta garbi erakusten du merkatuen bilakaera gertutik jarraitu behar dela». Frantziako presidenteak dio finantza merkatuetako eragiketen arriskuak hobeto aztertu eta ikertu behar direla, eta horretan arriskua neurtzen duten agentziek zeresan handia dutela nabarmendu du.