Politika

Europako Konstituzioaren zilegitasuna zalantzan jarri dute politikariek

Europako Batasuneko kideak egiten ari den goi bilera izan dute gaur hizpide Euskadi Irratian Markel Olanok (EAJ), Xabin Intxaurragak (EA), Mikel Aranak (EB-IU), Pernando Barrenak (Batasuna) eta Ramon Etxezarretak (PSE-EE). Bostak ere kritiko agertu dira goi bilerarekin, eta herritarren Europa egin beharrean estatuena eginten ari dela azpimarratu dute.

2004ko ekainaren 18a
18:48
Entzun
EAko Xabin Intxaurraga kezkatuta agertu da Europako Konstituzioa onartzeko hartu den bidearekin. "Igandeko hauteskundeetan izan zen parte hartzea ikusi eta gero, Konstituzio honen onarpena gobernuetako buruzagien esku uzteak kezkatu egiten nau". Europar Batasuneko erakundeak erabakiak herritarren iritziarekin kontatu gabe hartzen dituela uste du Intxaurragak, eta horrela jarraitzen badute hurrengo hauteskundeetan ere parte hartzea txikia izateak ez lukeela harrituko azpimarratu du. Konstituzioa egiteko, "prozesu konstituiente bat" egin beharko litzatekeela iritzi dio. Bera Europa zale "amorratua" dela azpimarratu du, baina ez duela horrelako Europarik nahi gaineratu du.

Egoeraren "larritasuna" azpimarratu du Batasunako kide Pernando Barrenak. Izan ere, bere iritzian "herritarren bizkar utzi nahi da egoeraren larritasuna, eta hori harrigarria eta kezkagarria da". Europarentzat oso momentu garrantzitsua dela azaldu du, baina, "ez dugula edozein Europa irentsi nahi" esateko garai dela azpimarratu du," naiz eta Europa zaleak izan". Estatuen Europaren aldeko apostua egin dela iritzi dio, eta hori ez dator bat, Barrenaren ustez,Euskal Herriaren interesekin.

PSE-EEko Ramon Etxezarretaren ustez ere Estatuen Europa egiten ari dira, herritarrena egin beharrean. "Estatuen enpresatxo bat da". Bere iritzian, europarrek europar izan behar badute eta europar bezala eskubideak izan behar badituzte, herritarren Europa egin behar da.

Europako Konstituzioa oraindik ez litzatekeela onartu behar iritzi dio EB-IUko Mikel Aranak. Izan ere, igandeko hauteskundeetan Europa osoko gehiengoak bozkatu ez arren konstituzioa onartzea erabaki dute, Aranaren iritzian, abstentzioaz pentsatu ere egin gabe. Hori atzera bota beharko litzatekeela iritzi dio, hauteskundeei "kasurik egin gabe" konsituzioa onartzera doazelako. Gainera, zenbait estatutan erreferendumaren beharra ere zalantzan jartzen ari dela azaldu du, eta estatu guztietan erreferenduma egin beharko litzatekeela azpimarratu du.

Kritiko izateko arrazoi ugari badago ere, irakurketa positiboa ere egin daitekeela iritzi dio EAJko Markel Olanok. Europako Batasunak konstituzioa onartzerakoan oso egoera larria pasa zuela gogorarazi du, eta bere ustez, igandean egin ziren hauteskundeetako abstentzioan ere eragina izan zuen horrek. Orain, jarrera aldaketak egon direla azpimarratu du. Hemendik aurrera erabakiak gehiengoarekin onartuko direla azpimarratu du, eta hori baikorra dela iritzi dio.

Euskara eta Europako Konstituzioa

Hizkuntzari dagokionez, estatuetan hasi behar dela aurrerapausoak ematen iritzi dio EB-IUko Mikel Aranak. "Eleaniztasuna ez badu mantentzen estatu bakoitzak, zaila da Europara hori transmititzea".

Batasunako Pernando Barrena ados agertu da Aranarekin. Askotan "etxeko kontuak" ahaztu egiten direla salatu du. "Diskurtso politikoa egiteko polita da hizkuntz eskubideen kontua, baina bere lurraldean ez bada ofiziala, ezin da Europan izan".

EAJkoMarkel Olanok ere ados agertu da aurreko biekin, baina, hala ere, errespetuaren kontzeptua jorratu behar dela iritzi dio. "Errespetuaren ideia jorratzea ezinbestekoa da, eta euskaldunok urratsak eman behar ditugu".

Besteekin ados ez dagoen bakarra PSE-EEko Ramon Etxezarreta da. Hari ez zaio gaizki iruditzen "estatu hizkuntza" ez diren hizkuntzen erabilera bermatzeko proposamena egitea, Europako konstituzioan. Egin beharrekoa zela eta ondo egin dela uste dut. Espainian dagoen praktika kritikagarria dela azpimarratu du, baina horrek ez du esan nahi, bere iritzian, Europan eskaria egitea gaizki dagoenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.