Europako Legebiltzarrean eztabaida formala bihar izango da, baina ordezkaritza zabalena duten alderdiek aurreratu dute beren jarrera Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak bideratu duen egitasmoaren gainean. Legebiltzarkideen %49 dira: Sozialdemokratek, berdeek, liberalek eta ezkerrekoek publiko egin dituzte beren iordezkarien iritziak, eta denak datoz bat "atzera egitea" dela emakumeen eskubideetan.
Hannes Swobodak sozialdemokrata beldur da Madrilen egitasmoa Europako hainbat herritara zabalduko dela, eta "onartezina" da. "Ez dago inolako beharrik egungo legea aldatzeko gizarte zati baten morala osoari inposatzeko ez bada". Liberalen ustez, "Eliza katolikoaren presioa" dago erreformaren atzean, eta ezkerrarentzat "giza eskubideen urraketa nabarmena" da. Berdeentzat "obsesio ideologiko bat da".
Europako Legebiltzarrean emakumeen sexu eta ugalketa eskubideei buruz eztabaidatuko dute bihar, eta bereziki Espainiako Gobernuaren egitasmoa aipatuko dute. Europako Legebiltzarrak ezin du estatukide baten erabakirik aldatu, berez, baina egitasmoaren kontrako kanpaina hasi dute.