Su-etena

Europako Legebiltzarreko talde guztiak prozesuaren laguntzan engaiatu nahi ditu Babes Taldeak

Hainbat eurodiputatuk osatzen duten Gatazkaren Konponbiderako Babes Taldeak Euskal Herrian abiatu den prozesua bultzatzeko Europako Legebiltzarreko talde guztien engaiamendua lortu nahi du, bereziki Europako Talde Popularrarena eta sozialistena. Gainera, babes talde horretako lehendakaritza partekatzen duten Helmut Markov alemaniarrak (Europako Ezker Batua) eta Bernat Joan kataluniarrak (ERC) "euskal herritar guztien giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak" errespetatzeko eskatu dute.

2006ko martxoaren 29a
17:19
Entzun
ETAk su-etena aldarrikatu ondorengo lehendabiziko batzarra atzo egin zuen babes taldeak, eta horren berri eman dute gaur Markovek eta Joanek Bruselan, prentsaurrekoan.

Agertu dutenez, Europako Legebiltzarreko talde guztiak Euskal Herriko prozesuarekin engaiatzeko ahalegina egingo dute, "bereziki", Europako talde popularrarekin eta sozialistekin.

Horrez gain, babes taldearen ordezkari gisa barik bien izenean egindako agiri baten berri eman dute Markovek eta Joanek. ETAk su-eten iraunkorra eman ondoren eta prozesuaren arrakasta bermatzeko Espainiako eta Frantziako gobernuek "salbuespen tribunalak, eta euskal alderdien eta haien ordezkarien aurkako akusazio eta neurriak" bertan behera utzi beharko lituzteketela diote idatzi horretan, eta bide bertsutik, euskal herritar guztien "giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak" bermatzeko eskatu dute, "baita preso politikoenak ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.