hondakinak

Europako Parlamentua Gipuzkoako Zero Zabor politiken alde

Gipuzkoako Foru Aldundia pozik agertu da Europako Parlamentuko Ingurumeneko Batzordeak onartutako txostenarekin. Erraustegiak eta zabortegiak pixkanaka itxi egin behar direla adierazten da agirian. 

2012ko apirilaren 27a
17:24
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundia pozik agertu da Europako Parlamentuko Ingurumeneko Batzordeak asteazkenean hartutako erabakiarekin, "arrazoi" ematen dielako Zero Zabor politiken alde lanean ari diren Gipuzkoako erakunde eta eragileei.

Erraustegiak eta zabortegiak pixkanaka ixtea eskatu du batzorde horrek onartutako txostenak. Gipuzkoaren esanetan, hondakinak kudeatzeko politika iraunkorragoak sustatzen ari den Zero Zabor politiken norabidean doa Europak hartutako erabakia. Horrela, Foru Aldundiaren arabera, gauzak ondo egiteko bidean dago Gipuzkoa.

"Europako Batasunak zabortegiak eta errauste plantak ixteko derrigortasuna ezarri behar bada, ez du zentzurik azpiegitura horiek orain eraikitzea", azaldu du Foru Aldundiak. Halaber, nabarmendu du Europako Batasuneko
erakundeak agerian uzten ari direla herritarrek gehiago "murriztu, berrerabili eta birziklatu" behar dutela; eta horretan, "materialak erretzeak eta zabortegietara botatzeak ez du laguntzen".

Europa, Gipuzkoarekin bat

Europako Parlamentuko Ingurumen batzordeak herenegun onartu du txosten bat non proposatzen baita desagerraraztea hondakinentzako zabortegiak eta errauste plantak, hondakinentzako sistema ekologikoagoak bultzatuz.

Batzordeko 48 kideren aldeko boza jaso zuen erabakiak, hiruren kontrakoa eta bosten abstenzioa. Proposamenak eskatzen dio Europako Batzordeari 2014rako prestatu dezala zabortegiak eliminatzeko plana eta 2020rako ez dadila ere aurrerantzean birziklatu edo konpost bihurtu daitekeen hondakinik.

Zero Zabor izenez ezagun den estrategiaren ildoko neurri gehiago aipatzen dira txostenean: produktuen diseinua hobetu dadila gehiago iraun dezaten eta errezago birziklatu edo konpondu daitezen. Fiskalitatean ingurumena ere kontutan edukitzea eskatzen da, hondakinen kudeaketa ona saritu eta ingurumena kaltetzen dutenak zigortu daitezen, tartean orain diru-laguntzak jasotzen dituzten praktika batzuk, artean hondakinen errausketa.

Txosten hau Europako Parlamentuak maiatzean egingo duen bilkuran aurkeztuko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.