Ingurumen arrazoiak argudiatuta, genetikoki eraldatutako organismoak landatzea eta saltzea debekatu ahal izatea —edo mugatzea— eskatu du Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeak. Esaterako, pestizidekiko erresistentzia argudiatu ahal izango dute Europako Batasuneko estatukideek, transgenikoei muga jartzeko.
Europako Batzordeak iazko uztailean gomendatu zuen bidearen aurka agertu da, horrela, Europako Parlamentua. Izan ere, exekutiboa estatuei askatasun handiagoa ematearen aldekoa zen, erabakitzeko euren lurraldean transgenikoak baimendu edo ez. Ildo horretan, Europako Batzordeak onartzen zuen estatuektransgenikoakdebekatzeko aukera izatea, baina, ingurumen arrazoiak argudiatu gabe. Puntu horretan, hain justu, zuzendu du parlamentuak exekutiboa. Atzo bozkatu zen txostena. 34 parlamentari alde agertu ziren, 10 kontra eta 16 abstenitu egin ziren.
Ingurumen Batzordeko parlamentari arduradunak, Corinne Lepage liberalak, argitu zuen herrialdeek ingurumen arrazoiak argudiatu ahal izango dituztela transgenikoak debekatzeko. Esate baterako, nekazaritzan edo ingurumenean eragin dezaketen kaltea, edota kutsadurak ekar dezakeen eragin sozioekonomikoa. Argudiatu ahal izango dituzte, besteak beste, genetikoki eraldatutako organismoek hedatzeko duten gaitasuna, bioaniztasunari eusteko beharra eta kutsatzeko arriskua.
Europako Parlamentuko osoko bilkurak hurrengo ekainaren 7an bozkatuko du proposamena.
Greenpeace, pozik
Greenpeace erakunde ekologista pozik agertu zen atzo Europako Parlamentuaren Ingurumen Batzordeak hartutako erabakiarekin. Izan ere, ingurumen alorreko arrazoiak «funtsezkoak» iruditzen zaizkio erakunde ekologistari. Greenpeaceren ustez, argudio horiek ezabatuta, estatuek indar gutxiago izango lukete baldin eta enpresa ekoizleek auzitegietara jotzea erabakiko balute.
Atzo hartutako erabakiak ez du eragingo transgenikoak baimentzeko egungo Europako legedian. Alabaina, behin produktu bat salerosketarako baimendu ostean, estatuek erabiltzeko edo debekatzeko aukera izango dute.
EBn bi hazi transgeniko besterik ez daude baimenduta landatzeko gaur egun: MON810 artoa eta Amflora patata. Saltzeko, berriz, hamazazpi produktu daude baimenduta. Hainbat herrialdetan debekatuta daude transgenikoak; besteak beste, Frantzian eta Alemanian.
Bestalde, Espainiako eta Hego Euskal Herriko hainbat nekazari eta ekologista elkartek transgenikoen aurkako hirugarren astea antolatu dute. Hegoaldean eta Espainian 70.000 hektarea arto transgeniko daude. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko transgenikoen %80 daude bi herrialdeotan.
Europako Parlamentuak transgenikoak debekatzeko lege oinarria zabaldu egin du
Europako Batasuneko estatukideek genetikoki eraldatutako organismoak debekatu ahal izatea defendatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu