Europako Paralmentuko GUE/NGL Ezkerreko taldean arituko da EH Bildu. Hala baieztatu du gaur Bruselan Josu Juaristik, koalizioko zerrendaburuak.
GUE-NGL taldeak 52 eurodiputatu izango ditu, eta, besteak beste, EH Bildurekin batera taldean parte hartuko dute Greziako Syrizak, Irlandako Sinn Féinek, Alemaniako Die Linkek eta Portugalgo Bloco d'Esquerdak.
Horrez gain, EH Bilduk “lehentasunezko harremana” izango du Berdeen taldearekin (TheGreens/EFA). Izan ere, European Free Alliance (EFA) ren partaide dira, besteak beste, EA eta Aralar alderdiak, eta orain arte talde horretan parte hartu dute Europako Parlamentuan ordezkaritza izan dutenean. EH Bilduk azpimarratu du EFAko kideek autodeterminazio eskubidearen defentsa beregain hartzeaz gain, Euskal Herriko konponbide prozesuaren aldeko proposamenak bultzatzen dituztela.
Horiek hala, koalizioak dio lan egingo duela NGL eta EFAren arteko elkarlanaren alde, EH Bilduk Europako Parlamentura joateko zehaztu zituen helburuak —gatazkaren konponbide demokratikoa, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea eta eraldaketa soziala— bultzatzeko asmoz.
[YouTube]http://youtu.be/NtseAzjJ7g4[/YouTube]