EUSKAL PRESOAK

Europan dira senideak, presoen egoera salatzeko, gose greban

Parisen, Berlinen, Genevan, Bruselan, Milanen eta Bartzelonan egingo dituzte barauak eta eragileekin bilerak

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Euskal presoen senideek abiatu dute Europako hainbat hiritan egingo duten protesta. Ehun lagunetik gorak zuten hitzordua igande goizean Donostiako Amarako autobus geltokian.Bertatik abiatu ziren euskal presoen senide eta lagunak Europara, bertako hainbat hiritan presoen egoera salatzeko egingo duten bidaiara. Helburua horixe izango baita: euskal presoek Frantziako eta Espainiako espetxeetan bizi duten egoera Europako eragileei jakinaraztea, eta babesa eta laguntza eskatzea. Xede horrekin abiatu ziren goizean 10:30ean bi autobus eta furgoneta bat Donostiatik.

Protestaldia honako hirietan egingo dute: Parisen, Bruselan, Genevan, Berlinen, Milanen eta Bartzelonan. Bartzelonara gaur abiatuko dira. Hiri horietan egongo dira presoen senideak eta lagunak presoen eskubideen salaketa egiten.Protestek asteburura arte iraungo dute, eta bien bitartean, gose greba egingo dute parte-hartzaileek.Halaber, hiriburuetan protestaldiek dirauten bitartean hiriburu bakoitzean, bertako eragile sozial, sindikal eta politikoekin hitzorduak dituzte senideek. Hitzordu horien helburua da euskal presoen egoerari buruzko informazio zuzena helaraztea.

Hainbat ekintza burutu dituzte dagoeneko

Dagoeneko senideak iritsi dira protestak egin behar dituzten hirietara. Gehienak astelehen goizaldera iritsi ziren zegozkien lekuetara. Lo pixka bat egin ondoren, atzo goizean goiz, bilerak egiten eta asteburura bitarte zer egin pentsatzen hasi ziren. Bruselako Unibertsitatean, esaterako, euskal presoen berri ematen zuten esku orriak banatu zituzten. Genevan komunikabideekin harremanak egiten jardun ziren; Milanen, ikaragarrizko hotza egiten duela aitortu dute bertan daudenek. Halere, goizean goizetik lanean jardun ziren. Pankartak eta beste egin eta Espainiako kontsuletxera joan ziren protestan. Protestaldira hainbat italiar gehitu ziren, eta guztiak batera hirigunera joan ziren Euskal presoak askatu zioen leloaren atzean. Bartzelonan ere hainbat ekimen egingo dituzte: Esaterako Virreina Plazan elkarretaratzea egingo dute ostiralean, 19:30ean, Euskal presoak Euskal Herrira lelopean.

«Presoen %25 bakartze egoeran»

Ramon Gaztelumendi Etxerat-eko kideak euskal presoek espetxeetan bizi duten egoeraren hainbat xehetasun eman zituen atzo Euskadi Irratian. Gaztelumendik gogora ekarri zuen euskal presoen %25 ziegetan bakartuta daudela: «Oso egoera larrian daude: ziega batean bakarrik, eta, gainera ez nolanahiko ziegetan. Izan ere oso itxiak dira, kristalen ordez sareak dituzte eta hezetasun handia izaten dute». Ziegetako egoera lazgarriaz gain, bakartze egoeran dauden presoen espetxe eskubideak zenbateraino murrizten diren ere azpimarratu zuen: «Bakartuta daudenek ez dute ezer egiteko aukerarik, ez ikasteko, ez denbora pasatzeko. Funtsean mendeku politika bat da, 'ustel daitezela' esan nahi duen dinamika bat abian jarri dute espetxeetako politika agintzen dutenek», salatu zuen Ramon Gaztelumendi Etxerat-eko kideak.

Bestalde, Etxerat-ek prentsa ohar baten bidez salatu zuenez, ekimen honek jakitera eman nahi du presoen eskubideak nola urratzen diren. « Jakinarazi nahi dugu Frantziak eta Espainiak giza eskubideen karta sinatua duten arren, bi estatu horiek hitzarmen hori ez dutela bete». Baina salaketa egiteaz gain, elkartasuna eta babesa bilatu nahi dute Etxerat-eko kideek Europan. Bilerak egingo dituzten eragileei konpromisoak eskatuko dizkiete, eta presoek espetxeetan bizi duten egoera behin betiko amai dadin laguntzeko eskatuko diete eragileei.Etxerat-en prentsa oharrakzioenez, «Frantziako eta Espainiako espetxeetako baldintza gogorrek, eta bi estatu horiek daukaten inpunitateak» bultzatu ditu Europako hainbat eragilerekin biltzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.