BRUSELA. Europako estatu kideek bilera egingo dute datorren urtarrilaren 21ean, COVID-19aren aurkako lankidetza zehazteko. Horren berri eman zuen atzo, Europar Kontseiluko lehendakaritzako bozeramaile Barend Leytsek. Bilera telematikoa izango da.
Estatuburuek eta presidenteek, eta Europako Batzorde eta Kontseiluko lehendakariek egin zuten azken bilera duela hilabete izan zen, iazko abenduaren 10ean eta 11n. Orduko hartan osasun krisiari elkarrekin aurre egiteko konpromisoa indartzen jarraitzeko erabakia hartu zuten, batez ere joan-etorrien murrizketei begira. Azken bileratik hilabetera, ordea, datuek ez dute bilakaera onik izan kontinentean; are gehiago, kutsatzeen kurbak gora egin du kontseiluko estatu gehienetan.
Europako Batzordeak BioNTech-Pfizer farmazeutikaren txertoaren 300 milioi dosi berri erosiko dituela jakinarazi duen egun berean eman du bileraren berri Europar Kontseiluak. Izan ere, txertaketa kanpaina abian da Europako estatu kideen artean; erosketa berri horrekin, aurretik hitzemandako txerto kopurua bikoiztu du kontseiluak, eta 600 milioi dosi izango ditu estatu kideen artean banatzeko. Ursula Von der Leyen lehendakariak aurreikusi du uztailerako 75 milioi jada banatuta egongo direla. Horrez gain, asteon bertan jaso du Modernaren txertoak Sendagaien Europako Agentziaren onespena, eta beste aukera bat izango da orain txertaketa kanpainak osatzeko.
Koronabirusa
Europar Kontseiluak bilera egingo du berriz izurriari buruz
Urtarrilaren 21ean batzar bat egingo dute estatu kideek erakundearen abaroan, lankidetza indartzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu