euskal presoak

Europaren elkartasuna eskertu du Etxerat-ek

Presoen senideek sufritzen duten "bidegabekeria" gaitzetsi du Urtzi Errazkin Etxerat-eko kideak Europako Parlamentuan egindako agerraldian.

Etxeratek Bruselan egindako agerraldia. ETXERAT
2015eko martxoaren 4a
07:20
Entzun

"Beren egunerokoari buruz hitz egitera etorri dira, senideak ikusteko egin behar izaten dituzten milaka kilometro egiteagatik jasan behar dituzten eskubide urraketak salatzera"; hala aurkeztu du Etxerat-en agerraldia EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik.

Aurreko egunetan hainbat alderditako ordezkariekin bildu ostean, agerraldia egin dute Etxerat-eko kideek, sakabanaketaren ondorioak salatzeko. Bide horretan, parlamentuko taldeek agertutako elkartasuna nabarmendu eta eskertu du erakundeak. "Bidegabea da senide eta lagunok horrenbeste kilometro egin behar izatea maite ditugun pertsonak ikusi ahal izateko. Horregatik, eskertu nahi dugu ia alderdi guztietako ordezkariek agertutako elkartasuna", adierazi du Urtzi Errazkin Etxerat-eko kideak.

Erakundeari sostengua agertu diotenen artean izan dira Die Linkeko eurodiputatu Gaby Zimmer eta Sinn Feineko Martina Anderson.

Ez dira guztiak agerraldiarekin bat etorri, ordea. UPDko Maite Pagazaurtunduak gaitzetsi egin du "terrorismoaren biktimen eta hiltzaileen sufrimendua parekatu" nahi izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.