Europari erantzutera behartuta, berriz ere, Espainiako Justizia

Auzitegi Nazionalak erabaki behar du Frantzian preso eginiko urteak Espainiako zigorretan nola ezarri.

jokin sagarzazu
2014ko apirilaren 11
12:25
Entzun

Parot doktrinarekin gertatu zen, eta beste hainbat auzirekin gerta daiteke. Izan Europako epaitegietatik, izan nazioarteko beste instituzio batzuetatik, orain arteko bere jarduna zalantzan jar dezaketen erabakiei erantzutera behartuta ikusi du bere burua Espainiako Auzitegi Nazionalak azkenaldian. Gaur, adibidez, Zigor Salaren Osoko Bilkura bilduko da, eta mahai gainean izango du, BERRIAk baieztatu duenez, duela sei urte Espaniari Europatik iritsi zitzaion beste agindu bat. 2008tik bete gabe, hozkailuan izan duen Europako Kontseiluaren 2008/675 araua, hain zuzen ere.

Arau horri jarraituz, zigor saletako buruek aztertuko dute —gaur ez bada, datozen bileretan— Europako Batasuneko estatu kide batean zigorra bete eta egun Espainian preso dauden kasuetan zigor urteak nola zenbatu behar diren. Argi dio arauak: Espainian jasotako zigorraren ondorioz bete beharreko urteen zenbaketan kontuan hartu behar da Europako Batasuneko beste estatuetan preso egindako urteak, betiere Espainian epaituak izan diren egitateak beste estatu horretako epaia jaso aurrekoak badira.

Kasu bat du mahai gainean Espainiako Auzitegi Nazionalaren Zigor Salako Osoko Bilkurak: Jose Luis Urrusolo Sistiaga euskal presoarena. Hark jarritako helegite bat aztertu zuen Auzitegi Gorenak eta neurri batean arrazoia eman zion, martxoan kaleratutako epai batean. Atzera egin eta Europako araudia ezarri ahal izateko, Auzitegi Nazionalera itzuli du kasua, hari baitagokio aintzat hartzea Parisko Auzitegiak presoari aurretik jarri zion epaia; kaleratze autoari begira, zigor urteen kontabilitate berria egiteko.

Auzitegi Gorenak, beraz, ez du erabaki Urrusolo Sistiagaren kasuan arauak dioena bete behar den edo ez, ez duelako hori ebazteko informazio nahikorik. Baina bai gogoratu du Europako Kontseiluaren araua bete egin behar dela, eta behingoz doktrina ezarri behar dela. Horregatik, Urrusolo Sistiaga epaitu zuen salak ez, Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako Osoko Bilkurak aztertuko du kasua. Preso horrentzat ez ezik antzeko egoeran dauden presoen kasuak ere argitzeko baliagarria izango delako erabakia.

Gaur bilduko dira zigor arloko magistratu buruak, baina ez da ziurra gaur bertan erabakiren bat hartuko duten edo ez. Patata beroa izango dute, beraz, mahai gainean, erabakiak dozenaka euskal presori eragingo baitie.

Gaur-gaurkoz, halere, ez haien abokatuek ez auzitegietako iturriek ez dute zifra zehatzik. BERRIAk iazko uztailaren 1ean argitaratutako elkarrizketa batean, Iñigo Iruin abokatuak esan zuen 80-100 bat presok bete beharreko urteen kopuruetan eragingo zuela araua aplikatzeak; kasu batzuetan, berehala kaleratzea eraginez. Auzitegietako iturrien arabera, berriz, kopuru hori txikiagoa izan daiteke; 50 euskal preso inguru aipatzen dituzte, arauak eragingo lieken zenbait preso kalean daudelako jada, Parot doktrina bertan behera geratu ondoren.

Burujabetza eta justizia

Zifrak gorabehera, Europako Kontseiluaren araua aplikatzeak sei urteko isiltasuna amaituko luke. 2008koa da araua, eta testuak dioenez, beranduenez, 2010eko otsailaren 15a baino lehen sartu beharko litzateke indarrean EBko estatukideen barne ordenamenduan. Baina ez da horrela izan, ez behintzat Espainiako Estatuaren kasuan; Frantzian, aldiz, 2010etik dago indarrean.

Urrusolo Sistiagaren kasuan, Gorenak antzeko bi epai ekartzen ditu gogora, aurretik auzitegi horrek kaleratutakoak: 2002koa bata eta 2000koa bestea. 2002ko epaian, Gorenak ebatzi zuen Frantzian ezarritako zigorrak ez zirela aintzat hartu behar prozesu ezberdinak zirelako, lurralde ezberdinetan eginiko prozesu judizialak zirelako, «estatuen burujabetza» errespetatu behar zela azpimarratuz. 2000koan, berriz, antzeko arau bat aplikatzearen alde azaldu zen, Espainiak eta Thailandiak sinatutako hitzarmen bat dela medio. Orain, auzitegi horrek dio 2008ko Europako arauak behartu egiten duela Espainiako Justizia «burujabetzarekin loturiko zenbait aspektu» aldatzera. Alegia, azkeneko sei urteetan egindako akatsa zuzentzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.