Aberri Eguna

"Euskadi berria" eraikitzeko borondatea aldarrikatzeko deia egin du EAJk

Itxaso Atutxa BBBko presidenteak EAJk igandean Bilboko Plaza Barrian egingo duen Aberri Eguneko ekitaldia aurkeztu du gaur. Euskadi, bultzada berria lelopean, alderdiaren iragana aldarrikatu eta estatus politiko berria lortzeko borondatea azpimarratu nahi dituzte.

Igandean ospatuko duen Aberri Eguneko ekitaldia aurkeztu du gaur EAJk. ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko martxoaren 24a
10:48
Entzun

Bizkaiko jeltzaleen presidente Itxaso Atutxak euskal herritar guztiei igandeko ekitaldietan parte hartzeko deia egin die, EAJk berak edo gainontzeko alderdi eta eragileek antolaturikoetan. "Euskotar gizon-emakume guztiok gure nazioa aldarrikatzeko eguna da". Horregatik, ontzat jo du Ahal Dugu-k ere Donostian Aberri Eguneko ekitaldia egiteko asmoa iragarri izana.

Igandeko ekitaldiaren berri ematearekin batera, Euskal Herriko lurraldeen egoera politikoaren errepasoa egin du. EAJk Eusko Legebiltzarraren hurrengo legegintzaldian estatus politiko berriaren oinarriak finkatu nahi dituela iragarri du, "adostasun zabalenarekin". Ez du argitu hauteskundeak noiz izango diren, ez eta Espainiako Gorteak aukeratzeko bozak errepikatuko balira legebiltzarrerakoak aurreratuko liratekeen ere. "Lehendakariarena da erabakia". Nafarroan Uxue Barkosen gobernuak aurki urtea beteko duela gogoratu du, pozez. Eta esan du jeltzaleek argi dutela Nafarroa nafarrek nahi dutena izango dela. Ipar Euskal Herriari dagokionez, aitortu du elkargo bakarraren proiektuak ez dituela gogobetetzen jeltzaleen helburuak eta nahiak, baina aurrerapausotzat jo du.

Atutxak azpimarratu du jeltzaleen abertzaletasuna pertsonen zerbitzura dagoela: "Gure herriarekiko eta herritarrekiko konpromisoa esan nahi du, solidaritatean eta gizarte justizian oinarrituta, eta, zelan ez, gure kultura eta nortasuna mundu globalizatuan dauden balio giza eskainiz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.