Politika

"Euskadi ez da Perejil bat"

EAJk deituta, hainbat mendizale Gorbeiako tontorrean izan dira gaur, espainiar soldaduek duela egun batzuk han Espainiako bandera jarri zutela gaitzetsi nahian. Iñigo Urkullu jeltzaleen presidenteak adierazpena irakurri du.

2009ko uztailaren 4a
17:48
Entzun
Hainbat eta hainbat mendizale Gorbeiako tontorrean izan dira gaur, ikurrinekin, EAJk deituta, lehengo astean espainiar soldaduek hantxe bertan Espainiako bandera jarri zutela salatu nahian. "Euskadi ez da Perejil bat [Espainiako armada duela urte batzuk une batez Marokoren menpeko irlan izan zen]", esan du Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gailurrean. "Euskadi ez da konkistaren seinale gisa hartu nahi duten ikur bat. Euskadi euskotarren aberria da, eta hala izaten segituko du", jeltzaleen buruaren arabera.

"Honaino ez gara inoren kontra etorri, ez gara inolako probokaziorik egiteko etorri. Lehenengo eta behin, milaka euskaldunok bizi izandakoari lotuta dagoen tontorra da. Eta, Euzko Alderdi Jeltzaleak gaur omendu nahi ditu, mendeetan zehar adierazgarria izan den toki honetan, duela 70 urte legearen eta beren herriaren alde bizia eman zuten guztiak", adierazi du Urkulluk.

Mendigoizaleak goizean Barazar, Murua, Zarate, Pagomakurre eta Murgiatik abiatu eta 12:00ak aldera bildu dira Gorbeiako tontorrean. Gailurrean bertan adierazpena irakurri du EAJko buruak, eta ikurrina handia zabaldu dute gurutzearen ondoan.

"Duela 114 urte, Euzko Alderdi Jeltzaleak, bere patua herri honen askatasunarekin lotu zuen. Egin izan dugu eta egiten jarraitzen dugu borondateak, ideia guztienganako errespetuak eta gure sinesmen irmoak lagunduta. Hemen, tontor hau omentzeko jarri zen gurutze honen ondoan, milaka urteko historia duen herria begi bistan dugula, Euzko Alderdi Jeltzaleak, gaurko honetan berresten du ez dagoela pertsona baten heriotza justifikatzen duen aberri, erlijio, ideia edo egitasmorik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.