Komunikazioa

Euskadi Irratiko langile batzuek salatu dute Urkulluren elkarrizketan gaztelaniazko kateek izan zutela lehentasuna

Iñigo Urkullu lehendakariak atzo EITBri emandako elkarrizketetan, lehen hitzak gaztelaniaz izan ziren, eta gero etorri ziren euskarazkoak.

urtzi urkizu
2012ko abenduaren 21a
15:57
Entzun

Iñigo Urkulluk atzo eman zituen irrati eta telebistarako lehen elkarrizketak, lehendakari gisa: 09:00etan Radio Euskadin eta ETB2n, 20:00etan Euskadi Irratian, eta 22:05ean ETB1en —Euskadi Irratiko emanaldia ETB1erako egindako grabaketa izan zen—.
Lehentasuna EITBko gaztelaniazko kateek izan zuten, eta hori salatzeko Euskadi Irratiko langile batzuk sinadurak biltzen hasi dira. «Gurea bezalako taldeek oinarrizko zeregina dutelakoan gure hizkuntzaren normalizazio eta sustapena, izkribu hau sinatzen dugun langileok gure nahigabea agertu nahi dugu jokabide horregarik», dio Euskadi Irratiko langileen agiriak. «Ez dugu galdetu nahi noren erabakia izan zen, edo EITBren zuzendaritzarena edo-eta Eusko Jaurlaritzarena. Nornahirena izanik ere, ez dugu egokitzat jotzen». Itxaropen mezu bat zabalduz amaitzen da agiria: «Espero nahi dugu ez dela horrelakorik aurrerantzean izango eta gure hizkuntzari EITBn emango zaiola merezi duen lehentasuna».
Gaztelaniazko elkarrizketa Radio Euskadiko esatari Dani Alvarezek egin zion Urkulluri. Eta euskarazkoa Maddalen Iriartek, Ander Arzakek eta Xabier Usabiagak. ETB1erako egindako elkarrizketa hori grabatu ostean jakin zuen Maddalen Iriartek Euskadi Irratian ere emitituko zutela. Gaztelaniazko elkarrizketan ez zen ETB2ko kazetaririk egon, eta euskarazkoan Euskadi Irratikorik ere ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.