Ainhoa Larrañaga Literaturako Euskadi sarietako epaimahaiburuak larria deritzo Eusko Jaurlaritzak Joseba Sarrionandiari ez ematea saria irabazteagatik dagozkion 18.000 euroak, eta "kontraesana" dagoela uste du. Izan ere, Larrañagak gaur esan du Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiaketak lehiaketan parte hartzeko "baldintza legalak" bete bazituen, Jaurlaritzak zergatik aipatu duen orain "arazo legalak" dirua hari dirua ez emateko. Saria bera "erridikuluan" geratu dela iritzi dio epaimahaiburuak.
Kontrako aburua du Lourdes Auzmendi Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak. "Jaurlaritza oso gardena izan da lehen unetik. Legearen barruan jokatzen ari gara, gustatu ala ez", adierazi du gaur Auzmendik.
Atzo jakin zen Sarrionandiari emango diotela aurtengo Euskadi saria, epaimahaiak hala erabakita, baina Jaurlaritzako Kultura Sailak ondoren jakinarazi zuen ez diola idazleari dirua emango, "saridunak Justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Jaurlaritzak dio "errespetatzen" duela epaimahaiaren ebazpena, eta ez duela "zalantzan jarri nahi idazlearen literatur balioa". "Dena dela, legea betetzeko, eta terrorismoa irmoki arbuiatzeko daukan konpromisoarekiko koherentziaz, oztopo larriak ditu diruz hornitzen duen saria horrelako pertsona bati eman dakion, hau da, ETA organizazio terroristako kide izateagatik zigortua izan den, kartzelatik ihes egin duen, eta 1985az geroz leku ezezagunean den eta bere militantziaz sekula damurik agertu ez duen pertsona bati".
EAk Urgellen agerraldia eskatu du
Juanjo Agirrezabala EAko eusko legebiltzarkideak Blanca Urgell Kultura sailburuaren agerraldia eskatu du. "Jaurlaritzak politika eta literatura nahastu ditu. Euskadi sarietan literatur lanak saritzen dira, ez egileen ibilbide pertsonal eta politikoak". Sarrionandiari dirua emateko exijitu du EAko kideak.
Aldiz, Gorka Maneiro UPDko eusko legebiltzarkideak saria Sarrionandiari ez emateko eskatu du. "Lotsagarria eta akats politiko larria da hari ematea saria, terrorismoaren biktimak gutxiesten ditu".
Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak "tamalgarria" deritzo "ETAko kide bati" saria eman izana, eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariari azalpenak emateko eskatu dio.
Ezker abertzaleak dio Lopezen gobernuak "kolore bakarreko jendartea" nahi duela
EAk, bezala, ezker abertzlaeak esan du Euskadi sariak literaturaren alor ezberdinetan egindako lanak saritzea duela helburu eta inola ere ez sarituaren beraren iritzi politikoak. "Sorturiko gatazkak ez dio erantzuten Sarrionandiaren balio literarioari, baizik eta PSE, PP eta UPD alderdien intransigentziari. Patxi Lopez buru duen gobernuak argi adierazi du gertakari honekin zein den euren jardunbidea: kolore eta iritzi bakarreko euskal jendartea nahi dute, eztabaida politikoari uko eginez eta literatura ere 'orden publikoaren' barruko gai gisa jarriz".