Euria, haizea eta hotza izanagatik, jendetza bildu du EAJk arratsaldean Getxon, Areetako plazan ekitaldirako espresuki jarritako aterpe itxian. Iñigo Urkullu EBBko presidentea eta Josu Erkoreka Espainiako Kongresuan talde jeltzalearen egungo bozeramaile eta berriro hautagai dena izan dira hizlari. Alderdiko karguak, kargu instituzionalak eta hilaren 20rako hautagaiak izan dituzte lagun, telebistako plato itxuran atondutako agertokian. Mezu argia eman dute biek: «Euskadik aurrera egiteko proiektu bakarra dago. Euzko Alderdi Jeltzalearena da».
Ondorio horretara iristeko, gainerakoen aurka egin du Urkulluk; ezker abertzalearen aurka, batik bat. Hitzaldiko tarterik luzeena ETAri eta ezker abertzaleari erasotzeko erabili du. ETAk hildako hamazazpi pertsona aipatuta hasi du ekitaldia. Lehen oroimena haiei eskainita. ETAren «izugarrikeriak» halako ondorioak besterik ez duela ekarri ohartarazi du.
Hala ere, ETA «atzean uztea lortzen» ari dela azaldu du, eta badagoela «aurrera begiratu» eta «elkarbizitza berria eraikitzeko itxaropen berria». Urkulluren hitzetan, horixe da EAJren lehenbiziko helburua.
«Zenbaitzuek», ordea, iraganari «nostalgiaz» begiratzen diotela salatu, eta ezker abertzalea hartu du hizpide. Prentsaurrekoetan «aurpegi atsegina» erakusten duela esan du; baina, gobernatzen duen instituzioetan, gaitasunik eza besterik ez dutela erakusten. Gipuzkoako Foru Aldundia jarri du adibide.
Gainera, Urkulluren ustez, ezker abertzaleak «azalpen asko» eman behar dizkio euskal gizarteari. «Sufrimenduaren sozializazioa» aipatu, eta, estortsioa eta mehatxua «txorimalo gisa» zertarako erabili duten galdegin dio. Inbertsioa zertarako uxatu duten, «lanik gabe dauden milaka eta milaka gazteei» azaltzeko eskatu dio. «Balorazio txarra du oso», esan du. «Ezker abertzaleak Euskadirekin duen zorra Greziak Europako Batasunarekin duena baino handiagoa da».
EAJk, berriz, «lana» besterik ez du egin, Urkulluren hitzetan; «aberria eraiki eta gizarteari aukera berriak eskaini». Ez PSEk, ez PPk, eta ez ezker abertzaleak ez dutela proiekturik adierazi, eta, krisi ekonomikotik ateratzeko eta nazioa eraikitzen jarraitzeko proiektua duen bakarra EAJ dela argudiatuta eskatu du botoa.
Erkorekak ere proiektua eta programa dituen bakarra EAJ dela esan du tonu arinean egindako mitinean, hauteskunde programa eskuan hartuta. Gainerako alderdien programen bila Interneten aritu dela esan du, baina ez duela bakar bat ere aurkitu. «Ez dugu lehiakiderik. Hauteskunde hauetan Euskadin pentsatuta eta Euskadiren alde egindako egitasmo bakarra gurea da». Horiek hala, helburua Kongresuan sei eserleku eskuratzea dela esan du Urkulluk. Oraingo ordezkaritza berriro lortzea, alegia.
«Suhiltzaile piromanoa»
Eguerdian, «suhiltzaile piromano» gisa aritzea egotzi dio Urkulluk Patxi Lopez lehendakariari, bakegintzari dagokionez. «Suak behar ditu, horiek itzaltzeko gai den bakarra bera dela sinetsarazteko», esan du Laudion egindako ekitaldian. Lehendakariaren joko bikoitza ere salatu du: EAJri akordioak eskatzea, eta, aldi berean, EAJri berari «arazorik ez dagoen lekuetan arazoak sortuta protagonismo artifizialen bila aritzea» egoztea.
Ekonomiari dagokionez, «eredu sozialista hondoratzen» ari den bezala, «Amaiurrek defendatzen duen eredu iraultzaile sozialistak» ere hondoa joko duela adierazi du Urkulluk.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
«Euskadik aurrera egiteko proiektu bakarra» EAJrena dela dio Urkulluk
Ezker abertzalea gogor jo du: «Euskadirekin duen zorra Greziak Europarekin duena baino handiagoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu