Etorkizuneko hezkuntza ereduaren oinarriak zehazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Akordioaren oinarriak dokumentua aurkeztu zuen otsailaren 5ean. Azken asteetan eragileen eta herritarren ekarpenak jaso ostean, Euskadiko Eskola Kontseiluaren txanda iritsi da. Gaur, Bilbon egindako ekitaldian, Cristina Uriarte sailburuak dokumentua entregatu dio Nelida Zaitegi Kontseiluko presidenteari. Jaurlaritzaren hezkuntza gaietarako kontsulta organoaren lana izango da testua lantzen jarraitzea, eta Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko txosten bat osatzea.
Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak azaldu du etorkizuneko Hezkuntza Legea garatzen hasteko “lehen pausoa” dela txostenaren osaketa: “Lehen pausoa bada ere, garrantzitsuena da, bertan zehaztuko direlako etorkizuneko hezkuntza ereduaren oinarriak”. Dokumentua jaso ostean, Kontseiluko presidenteak adierazi du “erronka handia” dutela aurrean, baina “badutela zer esan eta zer gehitu” dokumentura.
Sailburuak eta kontseiluko presidenteak dokumentua osatzerakoan “lortutako adostasuna” azpimarratu dute, eta Zaitegik gaineratu du guztiekin adostutako txosten bat eratzea dutela helburu. Eskola kontseilua osatzen ez duten eragileen parte hartzeari dagokionez, Uriartek aipatu du “izan dutela tartea” ekarpenak egiteko. Zaitegik azaldu du “entzuteko prest” daudela, baina fase berrian parte hartzea “zail” ikusten dutela.
Gaur hasiko da kontseiluaren lana, eta presidenteak azaldu du maiatza bukatu baino lehen espero dutela amaitzea beraien lana. Fase hori bukatuta, txostena Eusko Legebiltzarrera igorriko dute, bertan eztabaidatzeko.