«Argi» azaldu ditu EAJk azaroaren 20ko hauteskundeetarako dituen helburu nagusiak. Bi «helburu argi» adierazi ditu, zehazki, alderdi jeltzaleak hauteskunde kanpainan erabiliko dituen ezaugarri nagusiak azaltzeko egindako agerraldian: «Euskadin lehen indar gisa finkatzea eta Madrilen talde propioa osatzea Kongresuan eta Senatuan». Josu Erkoreka Kongresuko EAJren bozeramaile eta azaroko bozetarako zerrendaburuak eman du kanpainaren nondik norakoen berri, Sabin Etxean, Joseba Aurrekoetxea hauteskunde kanpainarako arduradunarekin.
Kanpainarako leloa ere aurkeztu dute jeltzaleek. Bi zati ditu; euskaraz bat, gaztelaniaz bestea: Euskadiren alde. Euskadi puede. Bi zatiak «osagarri» direla adierazi dute, eta EAJren Euzko Abertzaleak taldeak «politika egiteko duen modua laburbiltzen» duela. «Funtzionatzen duen eredua da», adierazi du Erkorekak: «Autogobernuan eta ongizatean emaitzak eman dituena».
«Euskadiren alde» egiten duen lana EAJren «nortasun ikurra» dela uste du Erkorekak. Espainiako Kongresuko jardunak argi erakusten duela hori: «Euzko Abertzaleak taldeak soilik frogatu du Euskadiren interesak modu erreal eta eraginkorrean defendatzeko gaitasuna, ibilbidea eta esperientzia».
Kanpainarako aukeratutako leloaren lehen zati horrek «eredu sozio-ekonomiko baten defentsa» ere irudikatzen du, Erkorekaren esanetan. «Hazkunde ekonomikoa eta lanpostuen sorrera» adierazi nahi duela azaldu du, «zor publikoa itzulera izango duten inbertsioetara soilik mugatuko duena» eta «ongizate estatuaren oinarriak defendatuko dituena».
Euskadi puede (Euskadik ahal du) leloari dagokionez, baikortasun mezua eman nahi izan dute buruzagi jeltzaleek. «Gehiengoz eta modu demokratikoan proposatutako helburuak lortzeko gai da Euskadi», adierazi du Erkorekak. Estatus politiko berria aipatu du adibide gisa.
Argudio nagusi horiek erabiliko ditu EAJk botoa eskatzeko, eta arrakasta lor dezakeela uste du. «Gure eredua bermea da. Jakin badakigu EAJren ereduak funtzionatu egiten duela eta arrakastaz ekin diezaiekegula Euskadik arlo guztietan dituen erronkei», adierazi du Erkorekak. Krisi ekonomikotik ateratzea eta ongizatea bermatzea aipatu du. «Eta, jakina, bakea eta normalizazioa erdiestea».
Hauteskunde korapilatsuak
Hala eta guztiz ere, azaroaren 20ko hauteskundeak «korapilatsuak» izango direla aitortu du Aurrekoetxeak. PP eta PSOE «iruzurra» egiten ari direla salatu du, bi alderdi horien artean aukeratzeko hautua besterik ez dagoela sinetsarazi nahian ari direlako. «Baina ez da hala. Kongresuko eta Senatuko ordezkariak dira aukeratu beharrekoak, eta hori barrutiz barruti egiten da».
Gauzak horrela, «EAJren moduko beste aukera batzuk ere badaudela» azaltzen saiatuko dira ordezkari jeltzaleak hauteskunde kanpainan, Aurrekoetxeak adierazi duenez. Izan ere, haren hitzetan, EAJ da «euskal herritarren interesak defendatzen dituena», PSE-EEko eta PPko diputatu eta senatariei «ahaztu egiten baitzaie nork eman dieten botoa eta Madrildik esaten dietenaren menpe jartzen baitira».
Beste egoera batzuek ere hauteskunde emaitzetan eragin dezaketela aitortu dute buruzagi jeltzaleek, eta horietako bat ezker abertzalearen parte hartzea izango dela adierazi dute: «Betidanik mespretxatu dituen hauteskundeetan parte hartuko du».
«Euskadin lehen indarra izatea» da EAJk bozetan duen helburu nagusia
Lehen indar gisa «finkatzea» du helburu nagusietako bat, eta bestea, Kongresuan eta Senatuan talde propioak eskuratzeaErkorekak eta Aurrekoetxeak aurkeztu dute leloa: 'Euskadiren alde. Euskadi puede'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu