ESTATUS POLITIKOA

"Euskadirekin konplituko duen estatu eredua" nahi du Urkulluk Espainiarentzat

"Euskal autogobernuarentzat galdutako legealdia" izaten ari dela uste du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta Espainiako Gobernuaren "konpromiso faltari" egotzi dio ardura.

Iñigo Urkullu, Aberri Egunean EAJk eginiko ekitaldian. MIGUEL TOñA / EFE
2015eko apirilaren 24a
17:18
Entzun

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan hitz egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak estatus politikoaz, Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidearen galdera bati erantzunez. Hark eskatu dio azal dezala zein estatu eredutan sentituko litzatekeen "eroso", eta argi dezala "nori begira" dagoen estatus politikoaren erreforma aurrera ateratze aldera babesak lortzeko.

Urkulluk ihardetsi dio eztabaidaren "gakoa" dela "Euskadik zein harreman izan behar duen Espainiak egokientzat jotzen duen ereduarekin". Espainiarekin "akordio politikoa" egitearen alde azaldu da, eta salatu du Espainiako Gobernuaren "konpromiso faltak" ondorio gisa izan duela "legealdi galdua" izatea "euskal autogobernuarentzat".

"Konplituko duen estatu bat nahi dugu, Euskadiren gaitasuna bermatuko duen eredu bat nahi dugu, etengabe auzitara jo beharrik ez izateko", adierazi du: "Itun politikoak beteko dituela bermatuko duen estatu eredu bat nahi dugu".

Urkulluren iritziz, proposamen "errealista" da Euskadiren eta Espainiaren arteko "alde biko harremana" bilatzea eta, harreman horretan, "autogobernu maila handiagoa eta Europan berezko ahotsa" izatea. Halaber, zehaztu du gauza bat direla bere "nahiak" eta beste bat Jaurlaritzako lehendakari gisa dituen "betebeharrak", uste baitu "errealismotik" saiatu behar duela autogobernua hobetzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.