Gernikako Estatutuaren urtemuga data ospatzen zuen Euskadiren Eguna bertan behera uzteko azken-aurreko pausoa eman du gaur Eusko Legebiltzarrak. Izan ere, Erakunde, Segurtasun eta Justizia batzordean urriaren 25a jaiegun gisa arautzen duen legea indargabetzea onartu dute EAJk eta EH Bilduk. Bi talde horien babesarekin aurrera egin du jaiegun hori kentzea eskatzen duen diktamenak. PPk, PSEk eta UPDk aurkako botoa eman dute. Lege hura baliogabetzea eta egun horren ordez Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduak 3, jaiegun izendatzeko proposamena egin du EH Bilduk zuzenketa baten bidez, baina ez du aurrera egin, PP, PSE eta UPDk kontra bozkatu baitute eta EAJ abstenitu egin baita bozketan. Batzordeak txostena onartuta, osoko bilkuran bozkatuko da Euskadiren Eguna kentzeko lege proposamena. Hura Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean baliogabetuta geratuko da egun hori.
Batzordean egindako eztabaidan, EH Bilduko Pello Urizarrek abenduaren 3a proposatu du ordezko egun gisa, Nafarroan ere jaiegun izanda, Hego Euskal Herri osoan egutegia gorriz margotuta geratuko litzatekeelako horrela. UPDk, PPk eta PSEk, berriz, EH Bilduren nahietara "makurtzea" leporatu diote EAJri. Borja Semperren (PP) ustez, Euskadiren Eguna kentzeak "haustura" sortzen du gizartean. Idoia Mendiaren (PSE) iritziz, gobernu "ahul" baten seinale da Euskadiren Eguna kentzea: "EH Bilduk zehazten dio egutegia Jaurlaritzari". Joseba Egibarrek (EAJ) argi utzi du zein den bere taldearen helburua: "Inposizio bat indargabetu nahi dugu".