PSOEk Euskal Herriko eta Kataluniako gatazkak konpontzeko "seinale positiborik" eman ez duela salatu du Joseba Egibar EAJko agintariak, sozialistek garatu nahi duten federalismo asimetrikoaren harira. Onda Vasca irratian emandako elkarrizketan, PSOEren proiektu federalista "zaharkitua" dagoela adierazi du, eta federalismo asimetriko kontzeptuak, nahiz eta "zehazki zer den" ez dakien, "berri itxurarik" ez duela esan du.
"Gaur egun Espainiak dituen lurralde eredu eta eredu politikoa krisian daude, eta berauek konpontzeko aukera aprobetxatu nahi ez dutela dirudi", adierazi du agintari jeltzaleak. Orain arte jasotako proposamen guztiak "erregresiboak" direla gaineratu du. Horregatik, PP eta PSOE berriro "zentralizazio prozesu" baterako ados jarri direla uste du Egibarrek.
Begirada atzera eramanez, Kataluniako prozesuaren hasierak ekarri ditu gogora GBBko presidenteak: "Zapaterok Kataluniako Estatutua errespetatuko zuela esan zuen", eta Espainiako Gobernura iristean ez zuela hori bete gogorarazi du.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia lehen aldiz hilaren 17an elkartuko dira.