1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen San Frantzisko elizan lan arloko protestak zirela-eta batzartuta zeuden grebalariak tiroz atera eta bost langile hil zituen. Pedro Maria Ocio eta Francisco Aznar han bertan hil ziren. Romualdo Barroso gaueko hamaiketan zendu zen. Bienvenido Perea eta Jose Garcia Castillo egun batzuk geroxeago. Ehunka lagun ere zauritu zituen Poliziak. Gertaera hura gogoratu dute gaur Arabako hiriburuan, eta han izan da BerriaTB.
Garai hartan Espainiako Gobernazio ministroa Manuel Fraga Iribarne zen. Gaur egun PPko ohorezko presidentea eta Espainiako senataria da. Ez dute sekula auzipetu 1976ko sarraskiagatik.
1972ko urtarrilaren 30ean (igandea zen), eskubide zibilen alde bilduta zeuden manifestarien aurka egin zuten tiro soldaduek Derryn (Irlanda iparraldea). Hamahiru lagun hil zituzten; hamalaugarrena handik gutxira hil zen, erasoan paraxutistek larri zauritu zutelako. Bloody Sunday bezala ezagutzen da harrezkero gertaera. Mugarri izan ziren Irlanda iparraldeko gatazkan: bidegabekeriak amorratuta, gatazka armatuaren alde egin baitzuten irlandar askok.
Bloody Sunday-ko biktimen ordezkaritza bat izan da gaur Gasteizen.