Bizi ezazu Euskal Herria jatorrizko bertsioan. Lelo hori hautatu du Euskal Hirigune Elkargoak helduen euskalduntzea bultzatzeko irail osoan eramanen duen komunikazio kanpainarentzat. Lurralde guzian zabalduko dute mezua, eta Interneteko plataforma bat ere sortu dute, helduen euskalduntzea proposatzen duten egituren berri emateko. AEK da nagusia, baina badira tokian tokiko egitura txikiagoak ere.
Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordearen hitzetan, euskara ikastearen «abantailak» agerian ematen ditu abiatu duten kanpainak. «Jatorrizko bertsioan ikusten den film batek bezala —obraren funtsa atzeman eta autorearen asmoetatik ahal bezain hurbil izateko—, euskaraz mintzatzeak lurraldea bere aberastasun eta berezitasun osoan ulertzea ahalbidetzen du», adierazi du.
«Euskara ikastea denei emana da: denek ikasten ahal dute», azaldu du Kurutxarrik. Eta datu bat ere eman du: euskarazko irakaskuntzan kopuruak emendatzen ari dira, baina euskaldun helduen erdiek baino gehiagok 50 urte baino gehiago dituzte. Horregatik erabaki dute helduen euskalduntzea bultzatzea. Bereziki Baiona-Angelu-Miarritze eta Lapurdi kostaldeko herritarrengana iritsi nahi dute.
Gaur egun, elkargoan diren 1.100 langileetarik, 40 bat ari dira euskalduntze prozesua segitzen. Eredua emateko berak ere euskara klaseak hartuko dituen galdetuta, ezezkoa erantzun du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. «Anitzetan erran izan didate klaseak hartzeko. Euskaldun pasibo horietarik naiz; etxean entzun nuen, baina adin batetik aitzina frantsesez baizik ez nintzen mintzatu, beste anitz bezala. Hizkuntza belarrian dut, aski ongi ulertzea ahalbidetzen dit, baina kontsideratzen dut ez dakidala aski mintzatzeko. Hautetsia izanen ez banitz, uste dut egitura hauetako batean izena emanen nukeela prestakuntza bat segitzeko».