10:30ean ekin zioten festari atzo, eta ekitaldiak "jendetsuak" izan zirela nabarmendu du Sortzen-ek. Hiru gunetan banatutako egitarau zabalaz gozatu zuten festara joandakoek, Uharte batean, itsas zabalean lelopean. Gainera, Uharteko gurasoek bi urteotan D ereduaren alde egin duten lana eskertu du elkarteak.
"Inor norbere buruaz baino ez dela kezkatzen dirudien garai zail hauetan, guk kontrakoa esan dezakegu", nabarmendu du Sortzen-ek: "Gure txikien hezkuntzarengatik kezkatzen gara. Euren etorkizuna oraina baino hobea izatea nahi dugu. Eta kezka horrek batu gaitu. Gure ezberdintasunen gainetik, batu eta lanean hasi gara".
Besta berezia izan zen atzokoa. Hemezortzi urtez Iruñeko Takonera parkean egin du Sortzen-ek jaia. Iaz, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten, eguraldiaren erruz. "2012an ere, euriak zapuztu zuen jaia", gogoratu du Sortzen-eko kide Aiora Epeldek. Takoneran euriari aurre egin ahal izateko azpiegitura falta izan da urteotako arazo nagusia; horregatik, aurtengo besta Uharten egiteko aukera sortu zenean, Sortzen-eko kideek ez zuten zalantzarik egin. Ezta herri horretako D ereduko ikastetxe publikoko gurasoek ere.