Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia, eta familia argazki erraldoia atera dute, gorputzekin leloa osatuz. Lekeitiok ekainean hartu zuen lekukoa Gasteizko Zabalgana eskolako arduradunen eskutik, eta, ordutik, lanean dihardute ikasle, irakasle, langile, hezitzaile, ikasle ohi, irakasle ohi eta gurasoek. "Parekidetasunean, kalitatean, eskuzabaltasunean eta benetako berdintasunean oinarritutako eskola hobe bat eraikitzeko ahaleginean, beste pauso bat eman nahi dugu", adierazi dute aurkezpenean.
Herriko eskolaren ibilbide luzea ere nabarmendu du Lekeitioko Eskola Publikoko Guraso Elkarteko kide Maitena Gerrikaetxebarriak, hezkuntza publikoa "herritarrena" dela azpimarratuz: "Izenak aldatu egiten dira urteen joan-etorrian, eta gaur egun eskola publikoa dena, oraintsu arte, herriko eskola izan da: herritarren eskola, udal, maisu, guraso eta ikasleena; azken mendeetan milaka eta milaka ume hezi dituena".
Lekeitioko eskola komunitatea "alaia eta koloretsua" dela gaineratu du BIGEko presidente Ana Pastorrek, "euskal eskola publikoaren irudi ezin hobea". Pastor eta Gerrikaetxebarriarekin batera, aurkezpen ekitaldian izan dira Lekeitioko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Mertxe Arrizubieta eta Lekeitioko Eskola Publikoko zuzendari Xabier Iturbe.
Ekainaren 3a "egun handia" izan arren, festa ikasturte osora zabalduko dutela esan dute; eta horretarako, kultur, kirol eta gastronomia ekitaldi ugari antolatuko dituzte. "Zapran gagoz, eta zelebratu egin behar dugu!", gogorarazi dute.