Euskal hedabideak euskarri guztietan "ondo kokatuta" daudela uste dute adituek. Baina beharrezko dute elkarrekin aritzea eta sinergiak bilatzea. Are gehiago krisi garai betean.
Lorea Agirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak, Iban Arregi BERRIA Taldeko hedabideen arduradunak eta Gorka Julio informatika ingeniariak hitzaldia eman dute gaur iluntzean, eta, oro har, bat etorri dira iritzi horretan.
Joxemi Zumalabe zena gogoratzeko ekitaldien arteko hirugarren mahai ingurua izan da gaur Donostian egin dutena. Euskal esparru komunikatiboaz aritu dira hizlariak.
Euskarazko hedabideak paperean zein Interneten ongi ari direla uste du Iban Arregik, baina "negozio eredu berriak" bilatzeko beharra dagoela nabarmendu du, presentzia horri etekin handiagoa ateratzeko. Irakurleak erakartzeko, bestalde, "eduki propioak eta kalitatezkoak" lantzea ezinbesteko jo du.
Teknologian urratsak egin behar direla, baina erredakzioak eta kazetarien marka zaintzeaz ezin dira ahaztu hedabideak, Iñaki Sotoren arabera. Gainera, nabarmendu du hedabideek, egungo testuinguruan, prozesu politikoa lagundu behar dutela.
Euskal komunitatea Interneten ongi ari dela uste du Gorka Julio, oro har. Baina edukiak zabaltzeko eta sortutakoen eragina biderkatzeko ahaleginak bateratu behar direla erantsi du.
"Estrategia bateratu" horien adibideak ere aipatu dituzte mahai inguruan. Hamaika Telebista eta Bidasoa Inprimatzeko Zentroa jarri dituzte elkarlan horien adibide, eta etorkizunean sakondu beharreko lan molde gisa.
"Berariazko politikak" euskararentzat
Euskaraz lanean ari diren eta euskaraz argitaratzen duten hedabideek, hizkuntza gutxitu batean dihardutenez, "berariazko politikak" behar dituzte, haientzako apropos zehaztuak. Ideia hori eman du Lorea Agirrek. Iban Arregik erantsi du herritar askok erdaretan irakurtzeko ohitura dutela, eta joera horiek iraultzeko beharrezko dela pertsonek horri buruz gogoeta egitea, baina baita erakunde publikoek ere hausnarketa egitea.
Hiru mahai-inguruko ziklo baten azkena izan da gaurkoa. Astelehenean, Mugimendu sozialak eta prestakuntza gaiaz aritu ziren Emagineko Miren Aranguren, GITEko kide bat, Nicola Foroni aditua eta EHNEko Paul Nicholson. Atzo, Kapitalismoak badu alternatiba gari buruz aritu ziren Mertxe Larrañaga eta Iñaki Antiguedad EHUko irakasleak eta Otxandioko Herri Ola eta Hiriak taldeetako ordezkariak.
Bihar, magia, antzerki, kantu eta bertso ikuskizuna egingo dute Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean, 19:00etan. Eta igande eguerdian omenaldia izango da, Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa).
Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileetakoa izan zen Zumalabe. Orain hogei urte hil zen, 42 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.