POLITIKA

"Euskal etxea" eraiki nahi duen orori "Euskal Bideari" ekitera dei egin dio EH Bilduk

Burujabetzak "autoeraketa prozesua" izan behar duela uste du koalizioak, eta "elkarlana" eskaini die Euskal Herriak subiranotasunerako "bide propioa" egin behar dutela uste dutenei. [Youtube]http://youtu.be/Xbc5_e3edC0[/Youtube]

2013ko irailaren 16a
10:56
Entzun

Euskal Herriaren burujabetasunaren bidean "berezko bidea" egitera dei egin die EH Bilduk hala nahi duten eragile eta herritar guztiei, eta "herri gisa aukera historikoa baliatzeko" erronkari aurre egiteko beharra nabarmendu  du. EH Bilduk atzo aurkeztu zuen Euskal Bidea, elkarrekin euskal etxea eraikitzeko izeneko agiria Bilbon, koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariek babestuta. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zituen testuaren xehetasunak.

Bi gako nagusi ezarri ditu koalizioak "euskal bide" horretan. Lehena, "bertatik bertarako jarduerak" garatzeko beharra: "Bide propioa behar du Euskal Herriak, bere etorkizuna prestatu eta eraiki behar du, bere buruaren jabe izanaz. Honi deitu diogu euskal bidea. Bertatik bertarako politikagintza lehenesteko konpromisoa, politikagintza endogenoa lehen mailan kokatzeko, gaur egungo menpekotasunezko harreman moldeak hobetzeko tentazioak gaindituz", azaldu zuen Uberak.

Eskoziako eta Kataluniako burujabetza prozesuak adibide gisa aipatu zituen Uberak, baina zehaztu zuen: "Guk, geure erara".

"Zerumuga partekatzeko deialdia" da bigarren gakoa: "Herritar guztion elkarbizibitzarako esparrua izango den euskal etxea eraikitzeko konpromisoa eta eskaintza. Elkarlana da gaur proposatzen duguna". Halaber, lankidetza horretarako hiru osagai beharrezkotzat jo ditu koalizioak. Aurrenekoa da "autoeraketa prozesua" izatea; "estatuarekiko akordioa lortzea posible ez denean, estatuekiko lehia demokratikoa ezinbestekoa da". Bigarrenik, lurralde ezberdinen arteko kohesioa lantzea, "abiapuntu eta abiadura ezberdinak errespetatuz; bide guzti hoiek Euskal Bidea osatuko dute". Hirugarrenik, burujabetza era "progresibo" batean garatzea: "Ez gara geratuko egun seinalatu bati begira, egunero gure erabakiak Euskal Herrian hartuko ditugu, gure buruaren jabeago bilakatuz".

Koalizioaren testua "esku luzatua" da ideiak eztabaidatzeko, Uberaren esanetan: "Ez da proposamen itxi eta borobil bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.