euskal herria

Euskal gastronomia protagonista astelehenean Berlinalen

Euskadi Eguna ospatuko dute Berlingo jaialdian.

2012ko otsailaren 8a
17:34
Entzun

Euskal gastronomiak datorren astelehenean toki berezia izango du Berlinale Zinemaldian, Euskadiren Egunean, Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Basque Culinary Center zentroak antolatuta. Euskal kulturak ere izango du txokorik jaialdian. Larunbat honetan, kasu, Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du Berlinen, Mediengalerie aretoan.

"Oso pozgarria da euskal kultura era bateratzailean kanporatzeko gai garela erakustea: Donostiako Zinemaldia, zinegintza, musika eta gastronomia, denok elkarrekin goaz, eta hori oso harro egoteko modukoa da, elkarlan horri esker gure kultura era eraginkorragoan nabarmendu dezakegulako kanpoan", esan du Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak gaur, Bilbon.

Ordorikaren larunbateko kontzertua Deutsch-Baskische Kulturvereine elkarteak antolatu du, Etxepare Institutuaren laguntzarekin. Ondoren Alemanian jarraituko du musikariak, astelehenean Konstanz hiriko antzokiko Werkstatt gunean beste emanaldi bat emango baitu, hango unibertsitateak antolatuta.

Euskadi Eguneko egitaraua (hilak 13, astelehena)

- 11:30: Gastronomia, artea eta gizartea izenburuko mahai-ingurua egingo dute. Partaideak: Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center zentroko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak eta Eneko Atxa sukaldariak, eta Thomas Struck Kulinarisches Kino programako zuzendaria izango dira.

- 12:30: Amaia Barrena Jaurlaritzako Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak euskal elikagaigintza aurkeztuko du, eta ondoren kontzertua eskainiko dute Felipe Ugarte Mugaritz BSO filmeko soinu bandaren egile eta zuzendarietako batek eta Beñat Iturriotzek. Gainera, haien doinuekin Euskal Herria izeneko bakarkako pieza dantzatuko du Mikel Aristegi dantzari eta Berlingo Euskal Koreografoen Jaialdiko antolatzaileak.

- Goizari amaiera emateko, Elena Arzakek eta Eneko Atxak euskal produktuekin prestatutako mokadua dastatzeko modua izango da. Gauez, Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Mugaritz BSO pelikularen nazioarteko estreinaldia izango da, Berlinaleko Zine eta Gastronomia-Kulinarisches Kino zikloaren baitan. Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Aizpea Goenaga ere emanaldian izango dira.

 - Eguna bukatzeko, Andoni Luis Adurizek Berlinalen berrehun lagunentzako prestatuko duen afaria izango da, Basque Culinary Center zentroak eta Jaurlaritzako Turismo Sailak emandako babesari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.