Euskal gatazkaren inguruko konferentzia bat egin dute Europako Parlamentuan, Bruselan. Prisoners: Key to peace? Promoting the Resolution of the Conflict in the Basque Country izenburupean, espetxe politikaz eta presoen auziaz jardun dute hainbat hizlarik. Gatazkaren konponbidean engaiatzeko eskatu diete denek Europako instituzioei, Raul Alfonsi Berdeen talde parlamentarioko kideak nabarmendu duenez, “euskal gatazka Europako gatazka bat ere badelako”.
Hizlarien artean aurrena hitz egiten izan da Robert McBride Hegoafrikako preso ohia. Esan du garaia dela negoziazioei buruzko negoziazioak abiatzeko, presoen auzian, besteak beste, delitu politikoak zer diren definitzeko eta presoen izaera politikoa aztertzeko. Halaber, adierazi du “lagungarria” dela negoziatzea marko juridiko politiko bat presoak kaleratzen joateko, eta ahal balitz, zer ekintza amnistiatu daitezkeen aztertzeko. Nolanahi ere McBridek nabarmendu du estatuek eskumenak dituztela, legeak aldatu gabe, alor horretan aurrera egiteko.
“Oso erraza da terroristak deitzea, baina askotan gobernuek ez dute ikusten presoek zer nolako pisua duten euren komunitate politikoetan. Preso bat espetxean mantenduta, komunitate horren zati bat mozten da”, nabarmendu du, azkenik, McBridek.
Avila Kilmurray Ipar Irlandako Community Foundation-eko zuzendaria, berriz, preso ohien gizarteratzeaz mintzatu da. Prozesu luzea eta zaila dela nabarmendu du. Esan du, Irlandako gatazkaren kasuan, urte asko pasa badira ere, indarrean jarraitzen duela presoen bazterketa sozialak, estereotipoak eraiki direlako eta ez dutelako babes nahikorik jaso. Horren harira, adierazi du presoek eta euren familientzako babes programak beharrezkoak direla, eta horretan engaiatu behar direla Europako instituziok ere. “Gatazka eraldatzeko beharrezkoak dira presoei babesa ematen diete ahotsak. Haien integrazioa babestea ezinbestekoa da”, laburbildu du Kilmurrayk.
Presoak, “urgentziazko” gaia
Gabi Mouesca euskal preso ohia eta Observatoire international des prisons-eko zuzendari izandakoak azaldu ditu euskal presoen ezartzen zaizkien “salbuespen neurriak” eta hainbat zifra eman ditu, gaixo dauden presoei buruzkoak, sakabanaketarenak, eta beste. Gogoratu du neurri horiek guztiak Espainiako, Frantziako eta Europako legedien aurkakoak direla. Preso politikoen kolektiboa jarrera “zintzoa eta benetakoa” dela nabarmendu du, bide demokratikoen eta elkarrizketaren alde daudela, eta Europako instituzioei eskatu die Espainiako eta Frantziako estatuei presio egiteko bake prozesuarekin bat egin dezaten.
Dei bera egin du Nelly Maes, Flandriako Bake institutuko zuzendariak eta Bakearen Bidean nazioarteko ekimenaren sinatzaileak. Hark adierazi du euskal presoen egoera konpontzea “urgentziazkoa” dela, “ikuspuntu humanitario batetik”, bereziki. Adierazi du Europako Batasuneko kideek ezin dutela “inolaz ere” onartu hori, eta Europako Batasunaren helburua bakea izan behar dela eta ezin diola entzungor egin Euskal Herriko bake prozesuari.
Friendship Europako Legebiltzarrean Euskal Herriko bake prozesuaren alde dagoen babes taldeak eta ALE-Berdeak Europako Parlamentuko taldeak antolatu dute mintegia, eta han izan da Euskal Herriko alderdi abertzaleen ordezkaritza zabal bat.