Politika

"Euskal gatazka" konpontzeko konpromezurik ba al duen galdetu zion Ibarretxek Zapaterori

Benetan "euskal gatazka" konpontzeko konpromezua ba ote duen galdetu zion Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori, astelehenan egin zuten bileran. Euskal Herriaren eta Espainiaren artean beste modu bateko harremanak onartzeko prest ba ote dagoen ere galdetu zion. Hala esan du Ibarretxek, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Gainera, "euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko" ere eskatu ziola dio.

2004ko uztailaren 29a
15:28
Entzun
"Irribarreetatik, keinuetatik eta talante berritik haratago, euskal gatazkaren inguruko eztabaidari aurre egiteko prest al gauden erantzun behar dugu" esan du. Gaineratu duenez, Zapaterori "ausardia gehiago" eskatu behar zaiola uste du, eztabaida horri aurre egiteko.

Estatutu berrirako proposamenaz galdetuta, esan duenez horren gakoa ez da ez Ibarretxek berak eta ezta Zapaterok pentsatzen duena ere. Hor zer esana dutenak Eusko legebiltzarkideak eta gero euskal herritarrak direla azpimarratu du. "Autogobernuaren neurria euskal gizarteak nahi duena izango da".

Bere proposamenarekin bidea hasi baino ez duela egin esan du Ibarretxek. Orain, proposamen ezberdinak egin behar direla esan du, baina, erabaki behar duena euskal gizartea izango dela argi edukita. "Ezin da inposatu Espainiaren batasuna, eta ezta Euskadiren independentzia ere".

Legegintzaldi honetan eztabaidatu eta bozkatuko dute Jaurlaritzan Estatutu berrirako proposamena Ibarretxek esan duenez. Bozketan plana onartzea erabakitzen bada, "berehala" herritarrei kontsulta egingo zaiela gaineratu du.

Euskal presoak euskal herrira hurbiltzeko eskatu zion

Lehendakariak irratian esan duenez, "pertsona guztien giza eskubideak errespetako" eskatu zion Zapaterori, baita "askatasunik gabe" daudenenak ere. Era berean, "Euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea" eskatu ziola dio.

"Hirukoa herri honek izan duen proiekturik itxaropentsuena da"

Hirukoa "herri honetan denbora luzean egon den proiekturik itxaropentsuena" dela azpimarratu du Jaurlaritzako lehendakariak, eta beraz, datozen hauteskundeetan "gehiengo osoa" lortzeko saiakera egingo dutela iragarri du. Gainera, hauteskunde horiek ez direla aurreratuko esan du, bide batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.