Espainiako Gobernuak laster onartuko duen lan erreformaren kontra egiteko, Hego Euskal Herrirako ekainaren 29rako (asteartea) greba orokorra deitu dute gaur arratsaldean ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiru sindikatuek Bilbon. Manifestazio nazionala egin dute 17:40etatik aurrera, eta milaka lagun bildu dira.
Espainiako Estatu mailan CCOOk eta UGTk ez dute baztertzen greba orokorra antolatzea, baina ez dute deus iragarri oraindik.
Jesusen Bihotzetik abiatu da Bilboko ekimena, Murrizketarik ez! Euskal langileok gure etorkizunaren jabe leloarekin. Kale Nagusia zeharkatu eta udaletxe aurrean amaitu da. Pankarta eramaten izan dira, besteak beste, Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELAko eta LABeko idazkari nagusiak. Ekitaldiaren amaieran eurek hitz egin dute.
"Langileak behin eta berriz erasoak" jasotzen ari direla esan du Muñozek, eta horri aurre egiteko modua mobilizazioa dela. "Eskubideak borroka eginda gauzatzen dira". Etxaidek salatu du "negoziazio kolektiboa indargabetu" nahi dutela gobernuek eta enpresaburuen elkarteek. Sindikatuek etzi emango dituzte grebari buruzko xehetasunak.
Eragile eta alderdi askoren sostengua jaso du gaurko ekimenak, eta Bilbon egon dira ezker abertzalea (Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia), EA (Pello Urizar), Aralar (Rebeka Ubera) edota Alternatiba (Oskar Matute). Eragile politikook nabarmendu dute lan erreforma ezin dela onartu eta mobilizatu beharra dagoela.
ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiruk iazko maiatzaren 21ean ere greba orokorra antolatu zuten Hego Euskal Herrian, "bestelako eredu sozio-ekonomikoaren alde". Gustura geratu ziren jarraipenarekin.
ekoNOMIA
Euskal gehiengo sindikalak lan erreformaren aurkako greba orokorra deitu du ekainaren 29rako
ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiruk deituta manifestazio nazionala egin dute milaka lagunek Bilbon, 'Murrizketarik ez! Euskal langileok gure etorkizunaren jabe' lelopean. "Eskubideak borroka eginda gauzatzen dira", esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. "Negoziazio kolektiboa indargabetu" nahi dute", Ainhoa Etxaide LABekoak. Ekimenean izan dira ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba, besteak beste. Iazko maiatzean ere lanuzte orokorra antolatu zuten sindikatu haiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu