Euskal gizartea Estatuan «behar bezala egokitzea» du xede EAJk

Espainia nazio plurala dela onartzearen alde egingo du lan Madrilen

Erredakzioa
2004ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
EAJk Espainiako Gorteetan legegintzaldi honetan izango duen helburu nagusia Espainiako Estatua «nazio askotakoa» dela onar dezatela izango da. Halaber, «euskal gizartea Estatu ereduan behar bezala egokitzea» ere lortu nahi dute. Hala adierazi zuen atzo Josu Jon Imaz EAJren EBBko presidenteak, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.

Espainiako Gorteek hartuko duen bideari dagokionez, «elkarrizketa garaiari» bide emango zaiola uste du. Horrek, baina, «gauza arrunta behar luke izan demokrazian», esan zuenez. Dena den, PSOEk izango duen jarrerarekiko zalantzak ditu Imazek, Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren inguruan batik bat. «Aldeko zein kontrako iritziak entzun ditugu», esan, eta «ados jar daitezela» eskatu zion PSOEri. Areago, «hitz egin dezagun gizarteari interesatzen zaionaz: edukiei eta arazoen konponbideei buruz», adierazi zuen.EAJk aurrerantzean EArekin eta EB-IUrekin elkarlanean jarraitzeko asmoa duela ere berretsi zuen Imazek. Nolanahi ere, «Euskadiko autogobernuaren inguruko akordioetan bide bazterrean inor ez geratzearen alde» dagoela azaldu zuen, PSE-EEri buruz ari zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.