Iriartek dio oraindik ere 2003ko otsailaren 20an gertatu zena gogoratzen duenean azala harrotzen zaiola. "Jazarpen gogorra izan zen, eta jazarpen horrek aurpegi bat zuen, Guardia Zibilarena. Epaileak agindu zuen, baina askotan pentsatzen dut ea epaile batek egunkari bat ixteko ahalmena izan behar duen, ea nork itxi dezakeen egunkari bat".
Haserre ageri da horregatik Iriarte, BerriaTBrako egindako adierazpenetan. Donostiako manifestazioan izan zen erantzuna eta hurrengo egunean Egunero kalean egotea nabarmendu du, baina, hala ere, azpimarratu du euskal gizarteari ez zaiola oraindik azaldu Egunkaria zergatik itxi zuten: "Euskal herritarrok merezi dugu azalpen hori. Gauza batzuk ezin dira geratu geratu ziren bezala. Gauza askori begiratu beharko diegu bi aldiz, eta horien artean, hori".
"Euskaraz bizi nahi duenarentzat euskarazko egunkaria ezinbestekoa da"
Egunkaria-ren ekarpenetaz galdetuta, Iriartek dio euskarazko egunkaririk gabeko gizartea onargarria ez izatea lortu zuela. ETB eta Euskadi Irratia hasi berri ziren; herri irratiek bazuten lehendik bide bat egina, baina euskaraz bizi nahi duenarentzat euskarazko egunkaria izatea ezinbestekoa dela gaineratu du: "Egunkaria-k normaldu egin zuen, ez zegoen eta egon zen, eta eremu komunikatiboa osatu egin zuen".
Euskarazko egunkaria herri ekimenari esker izan zela posible gogoratu du Iriartek: "Herri honek erantzun egokia eman zuen, ikastolekin gertatu zen bezala. "Egunkaria Sortzen-ekoek lortu zuten olatua geldigaitza izatea". Garai hartan talde horretan egon zen jendearen ilusioa ekarri du gogora, nola sinistu zuten posible zela... "Haiek gabe ez zen aurrera aterako".