Iaz 5,7 milioi euro eman zizkien Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideei, eta aurten 4,9 milioi euro. Laguntzen jaitsiera %11koa izango da aurten, beraz. Herri aldizkariek izango dute galera handiena: iaz baino 100.000 euro inguru gutxiago jasoko dituzte (%12 gutxiago). Tokiko hedabide batzuek laguntzen %40 ere galduko dute. Euskara hutsean idatzitako egunkari, kazeta, irrati eta telebisten laguntza, berriz, %9 murriztuko da, oro bat hartuta. Herri ekimeneko euskarazko hedabideek elkarrekin egin dute 2012ko Jaurlaritzaren diru laguntzen irakurketa, eta ohar garbia egin dute: euskarazko komunikabideetan inbertitzeko garaia da, ez murrizketak egitekoa.
Euskararen erabileran eta normalizazioan berebiziko garrantzia dutela gogorarazi dute euskarazko hedabideek. Baina, gainera, sektoreak pisu ekonomiko garrantzitsua duela seinalatu dute. Euskal hedabideak «hiltzen» ez uzteko eskatu dute.
Herri ekimeneko euskarazko hedabideek sektorearen beharrei erantzuteko elkarlanari ekin zioten iaz, eta elkarte gisa eratzeko urratsak egiten hasiak dira. Besteak beste, administrazio publikoei eskatu diete diru laguntzen sistema alde batera utzi, eta hitzarmenetan oinarritutako sistema batera pasatzeko, sektoreari egonkortasuna emateko.
Euskal hedabideak: «Inbertitzeko garaia da»
Euskarazko hedabideak estrategikoak baldin badira diru laguntzak handitzeko sasoia dela ohartarazi du sektoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu