Printzipio orokor horiez gain, arloka aletu dituzte zeintzuk diren beren proposamenak, hiru sail nagusitan: normalizazio politikoari dagokionean, bakegintzan eta gizarte zein ekonomia arloko politiketan.
Normalizazio politikoaren arloan, "baldintzarik eta bazterketarik gabeko elkarrizketa" funtsezkoa dela nabarmendu dute. Ildo horretatik, ideia guztiak berdintasunez aurrera eramateko aukera defenditu dute, eta normalizazio politikoan aitzinera joateko tresnetako bat autodeterminazio eskubidea dela esan dute. Hego Euskal Herrian erabaki esparru gisa egungo lege eremuak onartzen dituztela azaldu dute, eta, Ipar Euskal Herrian, berriz, Euskal Departamenduaren alde direla lehen urrats batean.
Bakegintzari dagokionez, ETAri su-eten mugagabea eskatu diote gatazka konpontzeko lehen pauso gisa. Egungo euskal gizartean erakunde armatu horrek ez duela lekurik diote. Era berean, Espainiako Gobernuari errepresio politika baztertzeko galdegin diote, eta "gatazkaren humanizazioa" ekarriko duten urratsak emateko. Halaber, Madrilgo Gobernuak "euskal herritarren erabaki librea onartzeko konpromisoa" hartu behar duela iritzi diote. Finean, korapiloak askatzen hasteko deia egin dute, eta argi dute "gatazkan nahasiriko petsona guztien amnistia osoarekin" baino ez dela konponduko arazoa.
Gizarte eta ekonomia arloan, berriz, ezkerreko politiken aldeko hautua egingo dutela iragarri dute. Horrela, desberdintasunean oinarritutako gizarteari aurre egiteko, oinarrizko errenta, lanaren banaketa, lanaldien murrizketa, osasun etahezkuntza sare zein etxegintza publikoaren indartzea proposatu dituzte. Lan harremanetarako euskal esparruaren defentsa ere bere egin dute, arrazakeriaren kontrako zein genero bazterketaren aurkako politikak bezala.
Ingurumenaren arloan, AHTaren, Pasaiako super portu proiektuaren eta Boroako errausteko plantaren kontra daudela adierazi dute.
Politika
"Euskal Herri burujabe eta ezkerreko baloreen gainean eraikitakoaren alde" dagoen jendea batu nahi du Aralar-Zutik koalizioak
Aralarreko zein Zutik-eko ordezkariek gaur aurkeztu dute Bilbon datorren martxoko Espainiako hauteskundeetarako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eratu duten koalizioa. Funtsean, "jende ezberdinaren" arteko elkargune politikoa izan nahi dutela esan dute —besteak beste, ezker abertzale eta independentistako jendea, soberanistak, federalistak, konfederalistak, ezker sozial eta alternatiboko kideak, euskaltzaleak, feministak… aipatu dituzte—. Beren apustua "bere etorkizuna erabakitzeko Euskal Herri burujabea eta ezkerreko baloreen gainean eraikitakoa" dela aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu