Aberri Egunaren harira larunbatean Larresoron (Lapurdi) eta igandean Iruñean egingo dituzten ekitaldietan parte hartzera deitu du Alternatibak. Ohar batean, azaldu du ezkerraren hleburua "pertsona aske eta burujabeak osatutako nazio librea eraikitzea" izan behar dela, eta erantsi horrek "bandera batetik bestera igarotzea baino askoz gehiago" esan nahi duela: "Erresistentziarako harresiak altxatzea esan nahi du, erakunde ilun eta antimodekratikoek inposatutako erabakien aurrean babesteko, Euskal Herriko langile klaseen duintasuna eta eskubideak zapaltzen dituztelako".
Espainiak eta Frantziak "behin eta berriro" jarritako oztopoak ere izan ditu hizpide: "Frantziako eta Espainiako gobernuek gu isilarazteko eta zapaltzeko asmoa badute ere, gure herriak nora doan eta norekin joan nahi duen erabakitzeko ahotsa exijitzen du".