Euskal Herria, «ametsezkoa» elebitasuna ikertzeko

Elebitasunaren gainean gogoeta egiten aritu dira mundu zabaleko adituak Donostian, BCBLk antolatuta

arantxa iraola
Donostia
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Elebitasuna ikertzen duten adituentzat, ametsezko lekua da Euskal Herria». Manuel Carreira BCBL Kognizio, Garun eta Hizkuntzaren Euskal Zentroko zuzendari zientifikoak harrera egin die elebitasuna ikertzen duten ehunka adituri aste honetan Donostian, Miramar jauregian. Izan ere, erakunde horren eskutik, neuroelebitasunari buruzko topaketa egin dute. Burmuinean hizkuntza nola ernaltzen eta egituratzen den ikertzen aditu diren gizon eta emakumeak elkartu dira bertan, elebitasunak dituen berezko ezaugarriak aztertzeko.

Bitxia izaten da hizkuntzek garunean forma hartzeko izaten duten modua, eta neurologia alorreko jakintza gero eta doiagoa den neurrian, gero eta gehiago dakite adituek. Argi dute: hizkuntzak ikasteko orduan, zenbat eta lehenago, hobe da. «Ume-umetatik bi hizkuntza arazorik gabe ikas daitezke», gogorarazi du Manuel Carreirak. «Umetan plastizitatea askoz handiagoa da, eta hizkuntzak helduaroan baino trauma gutxiagorekin ikasten dira».Elebidun izateak burmuinean mekanismo konplexu batzuk dakartza, baina abantailak ere bai: «Ikerketek iradokitzen dute elebidunen garuna garatu egiten dela bi hizkuntzaren arteko kontrastera, eta, ondorioz, hirugarren hizkuntza ikasteko orduan zenbait abantaila izaten direla».

Hizkuntzen irakaskuntzaren gaineko ardurak gizartean duen garrantziaz jabetuta, eremu hori aintzat hartuta dihardu BCBLk. «Hainbat ikastolarekin harremanak hasi ditugu». Nolanahi ere, zentroak oraindik ez du asti handirik izan, urtarrilean ekin baitzion bere jardunari. Irakaskuntzaz harago, gainera, askoz ere eremu zabalagoa hartzen dute aintzat bertan diharduten adituek. Elebitasunaz eta eleaniztasunaz gain, neurologia eta psikologia uztartuz, beste hainbat ikerketa alor ere jorratzen dituzte; hizkuntzarekin lotutako nahasmenduekin harremana dutenak, esate baterako.

Teknologia berriei esker beren ikerketa alorrean «leiho liluragarriak» irekitzen ari direla dio Manuel Carreirak. «Neurozientziak hezkuntzan nola lagun dezakeen gero eta argiago ikusiko dugu. Ingelesa-eta ikasteko, gramatika irakasten duten ikasketa sistemak jasan genituen guk, eta ikusi da horrelakoek ez dutela balio; garunak ez du horrela funtzionatzen. Beste metodo batzuk helduko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.