EUSKAL HERRIA

"Euskal Herria badoa zure moduko sasi guztien gainetik, Urkijo jauna"

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko EH Bilduren zinegotziak esan ditu hitz horiek, 'Sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan' lelopean Bilbon egindako manifestazioaren ondorengo adierazpenetan. Eloy Velasco epaileak manifestazioa grabatzeko agindua eman zien Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari. Ibilbideak iraun bitartean, ertzainen helikoptero bat izan da. Bideoa: Bilboko gaurko manifestazioa.

2013ko abuztuaren 23a
15:34
Entzun

"Entzun ondo, Urkijo jauna: gu bagoaz: Euskal Herria badoa zure moduko sasi guztien gainetik", adierazi du gogor Bilboko Udaleko EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak. Hainbat arrazoirengatik deitu du EH Bilduk gaurko manifestaziora, eta, hasierako arrazoiez gain, Aste Nagusiko txupineraren auzia ere gogoan izan dute manifestazioan.

Ibilbidearen amaieran, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren aurkako hitzak izan dituzte Ibaibarriagak eta Oskar Matutek. Jaiak eta herritarren borondatea "zapuztu" nahi izatea leporatu diote Urkijori. "Frankismoaren iloba" deitu dio Urkijori, eta Ibaibarriagak mezu bat helarazi nahi izan dio: "Euskal gizarteak berak erabakiko du bere etorkizuna. PPk ez du epaileen bidez lortuko herritarrek eman ez dioten zilegitasuna".

Ibaibarriagaren ustez, Urkijo "lotsagarri gelditu da" Jone Artolaren txupinera izendapenaren aferarekin, konpartsek eta herritarrek babes handia erakutsi diotelako: "indargune" nahi zuena "ahulgune bihurtu" zaiola adierazi du Ibaibarriagak.

Matutek baieztatu du prest dutela "politika antisozialei aurre egiteko" agenda, bai eta gatazka konpontzeko, erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko eta Euskal Herria "independentziaren bidean" jartzeko agenda ere. "Eta, horrez gain, agenda hori partekatzeko prest gaude, gehiengo sozial zein sindikalarekin, eta beren burua abertzale edo ezkerreko aitortzen duten alderdi zein eragileekin", gehitu du Matutek.

Iñigo Urkullu lehendakariarentzako hitzak ere izan ditu Matutek: "Kea saldu nahi izan zigun atzo, urak kontrolatuta zeudela esanez. Kaleratzeak, prekarizazioa, lan eskubideen murriztea eta babes sozialaren beherakada pairatzen ari diren milaka langileri errespetu falta izan zien".

Horrez gain, Euskal Herriko eragileen indar metaketaren garrantzia azpimarratu dute: "Herritarrok, eragile sozialok eta politikariok elkartu behar dugu, epaiketa politikoei aurre egiteko". Gogoan izan dituzte urrian epaituak izango diren dozenaka bizkaitarrak. EH Bilduren ustez, PPren gobernuak, bake prozesuan "emandako aurrerapauso garrantzitsuei eta lortutako konpromisoei" aurre egin nahian, "eskubideen urraketan eta indarkerian oinarritutako inboluzioa aukeratu du". "Erasoen aurka, eskubide sozial, laboral, zibil eta politiko guztiak babesteko eta bermatzeko herri harresiak eraiki behar dira", gaineratu du Matutek.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak manifestazioa grabatzeko agindua zuten Ertzaintzak, Guardia Zibilek eta Espainiako Poliziak. Manifestazioak iraun bitartean, Ertzaintzaren helikoptero bat izan da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.