eusko legebiltzarrerako hauteskundeak

Euskal Herria Bilduk bihar jakinaraziko du zein den bere lehendakarigaia

Bilbon egingo du ekitaldia, Carlton hotelean. Rufi Etxeberriak ostiralean zioen koalizioaren helburua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabaztea izango dela.

2012ko uztailaren 2a
19:47
Entzun

Euskal Herria Bildu koalizioak arratsaldean prentsa ohar baten bidez iragarri duenez, bihar esango du zein izango den Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako bere lehendakarigaia. Bilbon egingo du ekitaldia, Carlton hotelean, 11:30ean. Lehenik, Anjeles Iztueta Jaurlaritzako sailburu ohiak hartuko du hitza, EH Bilduren izenean. Ostean, lehendakarigaiak hitz egingo du.

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak lehengo ostiralean Euskadi Irratian zioen aurki emango zutela lehendakarigaiaren izena, koalizioko kideen artean "kasik erabakia" zutelako.

Bozetarako xedea garbi dutela adierazi zuen Etxeberriak: lehen indarra izatea. ”EH Bilduren helburua hauteskunde hauek irabaztea da. Lidergo berri bat behar da”. Bozen ondotik koalizioa prest legoke EAJrekin elkarlanean aritzeko, Etxeberriaren arabera, baina ohartarazi zuen jeltzaleek "paradigma berri bat" behar dutela eta azken 35 urteetan egin duten politikak ez duela gaur egun balio.

Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren. Berez, 2013ko otsailean edo martxoan izango dira, baina litekeena da aurreratzea, Patxi Lopezen (PSE-EE) gobernua legebiltzarrean gutxiengoan geratu baita PPrekin lankidetza hautsi ostean.

Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute EH Bildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.