Euskal Herria

Euskal Herria Esnearen kontrako zigorra bertan behera uzteko eskatu diote Urkulluri

Lau mila euroko isuna jarri die Eusko Jaurlaritzak, produktuak euskara hutsez etiketatzea arau hauste larritzat jo duelako.

2012ko abenduaren 14a
13:19
Entzun

Euskal Herria Esnea kooperatibaren produktua Espainian ontziratzen denez, etiketak gaztelaniaz egon behar duela zehazten du legeak, eta hala ebatzi du Eusko Jaurlaritzaren ebazpenak. Lau mila euroko isuna eman diote, beraz, kooperatibari. Bi asteko epea izango du helegiteak aurkezteko. Azken erabakia Eusko Jaurlaritza berriaren esku egongo da, beraz.

Iñigo Santxo abokatuak gaur goizean azaldu duenez, Jaurlaritzak egin duen legearen interpretazioa “txarra, gaiztoa eta fede txarrekoa” da. Izan ere, produktua kontsumitzaile euskaldunei zuzentzen zaien neurrian, etiketatze legea betetzen duela nabarmendu du. “Ez da kontsumitzailerik kaltetuko, Euskal Herria Esneak euskaldunengana zuzentzen du bere produktua eta euskaldunak badaki zer den. Eta euskalduna ez denak oso erraza dauka beste bat hartzea, merkatua anitza delako”. Hala izanik, legearen baldintza materiala betetzen dela argitu du.

Helegitea jarriko du kooperatibatk eta, hori dela eta, Iñigo Urkulluren exekutiboak izango du azken hitza auzian. Kooperatibako kideek Urkulluri eskatu diote “euskaldunen aldeko interpretazioa” egiteko eta prozedura eta isuna bertan behera uzteko.

Eusko Jaurlaritzak irail hasieran abiatu zuen prozedura. Kaiku Kooperatibak martxoan salaketa bat aurkeztu zuen, Euskal Herria Esnea markak produktuaren jatorriaren inguruan nahasmena sor zezakeelakoan. Kasua ikertzen hasita, Jaurlaritza ohartu zen produktua Sorian ontziratzen zutela, eta legea urratzen ari zirela, etiketak gaztelaniaz ez jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.